EAEko Irakasleak: Irakasleon Topaketa egin dugu gaur goizean Durangon

167

Gaur, urriaren 17an, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako 50 afiliatutik gora elkartu gara Durango BHIn.

Topaketaren helburuak hiru izan dira: batetik, erronkaz betetako ikasturtearen lan-ildoen aurkezpena egitea; bestetik, euskara, euskal kultura eta ikuspegi transfeminista ardatz izango duten hizkuntza proiektuetan eragiteko estrategiak aztertzea; azkenik, LABen komunitatea osatzen dugun afiliatuon sarea indartzen jarraitzea.

Goizeko lehenengo hitz-hartzea ikasturteko lan-ildoak azalduz eta afiliatuekin partekatuz hasi dugu. Jarraian, Hezkidetzatik pedagogia feministetara, Euskal Curriculuma iparrorratz hitzaldia eskaini du Iratxe Retolazak. Ondoren, ikastetxe jakin bateko hizkuntza proiektu arrakastatsu eta erreal baten prozesua aztertu dugu.

Atsedenaldiaren ondoren, talde-argazkia egin eta goizaren bigarren zatiari heldu diogu, alderdi praktikoari. Bi ordu eta erdiz aritu gara, lantaldeka, hizkuntza proiektuak aurrera eramateko estrategiak aztertzen eta pentsatzen. Lantaldeetako dinamika amaituta, talde handian elkartu gara topaketa itxi, erronka nagusiak azpimarratu eta ikastetxez ikastetxe lanean jarraitzeko konpromisoa berretsiz.

Topaketari amaiera emateko, mahaiaren bueltan elkartu gara goizak eman duena kideekin partekatu eta afiliatuon sarea hedatzen jarraituz.

Ikastetxez-ikastetxe su txikiak hauspotzen, piztuta daudenak indartzen eta eta beste horrenbeste pizten jarraituko dugu.

Eskerrik asko bertaratutako guztioi!

Euskal curriculuma ardatz, hezkuntza publikoa indartu!