LAB sindikatutik salatzen dugu Hezkuntza Saila ez dela zerbitzuetako langileen ratioak errespetatzen ari

73

Ikasturtea hasi zenetik hilabete luze igaro den honetan, LABetik gure haserrea adierazi nahi dugu Hezkuntza Sailak Zerbitzuetako Langileen lan-baldintzak bermatzeko erakusten ari den utzikeriaren aurrean. LABetik Begoña Pedrosa buru duen sailari eskatzen diogu beste behin ere, akordioa osotasunean bete eta behar besteko baliabide pertsonalez hornitu ditzala lan zentroak.

Sukaldeko langileen kasuan, urteko laguntza-kontratazioak behin eta berriz errepikatzen badira ere, Sailak adostutakoa ez du betetzen eta sukaldeak ez ditu ikasturteko lehen egunetik behar besteko baliabideekin hornitzen. LABetik ikasturtez ikasturte sukaldeko beharren azterketa garaiz egitea eskatzen badugu ere, Hezkuntza Sailak beste aldera begiratzen du. Gauzak horrela ikasturte honetan ere baliabideak berandu iritsiko direla gogorki salatzen dugu.

Garbiketako langileei dagokionez, hitzarmenean jasotako metro jaitsiera aplikatu gabe jarraitzen du, aitzakiak aitzaki, Hezkuntza Saila metroen azterketa egin gabe jarraitzen duelako. LABetik argi dugu, ez dago aitzakiarik langileen eskubideak urratzeko.

Sare eta Sistema informatikoen kategoriako langileei dagokionez, 2026-2027 ikasturteko aurreikuspena ezagutu genuenean, proposamena arretaz aztertu eta ekarpenak egin genizkion LABetik, kolektibo honetan ere ez baitziren adostutako ratioak betetzen. Horrez gain, ordezkapen zerrendak ireki eta irekita mantentzeko eta Ordezkabidean txertatzeko eskatzen diogu Hezkuntza Sailari. Erantzunik gabe jarraitzen dugu.

Aipatutakoaz gain, gogoratu nahi dugu greba eta mobilizazio zikloari amaiera eman zion Lan Hitzarmena oraindik osotasunean garatu gabe dagoela. Besteak beste, sukaldari buru eta garbitzaile buru kategoriak oraindik sortu gabe daude, eta funtzio eta maiztasunak zehaztu gabe jarraitzea, nahiz eta LABetik proposamen zehatzak helarazi ditugun.

Guzti honek langileen lan karga izugarri handitzea dakar, tokian toki egoera jasanezinak sortuz eta langileen lan osasunean eraginez. Egoera honen aurrean Hezkuntza sailari exijitzen diogu beraz, berehala hitzartutakoa bete dezan, zerbitzuetako langileen eskubideak bermatzeko.

INFO_2026-10-15_EUS-1