LABek Oiartzungo Urmendi Udal Ikastola Partzuergoaren kontra PNVk eta Jaurlaritzak inposatutako bidea gaitzesten du

188

Salatzen dugu 2024ko azaroan, Hezkuntza Sailak udalen menpe dauden udal haur eskolei diru-laguntzak emateari utziko ziola iragarri zuela, honek Oiartzungo udal ikastola partzuergoaren etorkizuna kolokan utzi zuen, eta bertako langileak ziurgabetasun egoerara eraman ditu.

LABek Oiartzungo udal haurreskolaren eredua defendatzen du, azken 30 urteotan bestelako publikotasun eredu bat aurrera eraman duena: udalak parte hartzen duen jabego partekatua, dezentralizatua eta 0-3 ziklo osoa eskaintzen duena. Horiek dira euskal eskola publiko komunitarioaren bidean, konfluentziarako LABek defendaturiko ezaugarrietariko batzuk.

Era berean, salatu nahi dugu PNVk eta Jaurlaritzak bere eredu publiko bakarra inposatu duela 0-3 zikloa zatituz, bai Oiartzunen baita gaur egun udal haur eskola zerbitzua eskaintzen duten beste hainbat herritan ere.

Diru-laguntza emateari uzteko mehatxuak Oiartzungo Udala, beste udal batzuetan gertatzen den moduan, ataka ekonomiko larrian jarri du egungo proiektua baliabide propioekin eusteko. Zentzu horretan Hezkuntza Sailaren erabakia gaitzesten dugu, diru-laguntzarekin jarraitzeko hautua hartu behar zuelako. Izan ere, bere Sailak kudeatzen duen Oinarrizko Lanbide Heziketan esaterako, udalei ematen dien diru-laguntza mantentzeaz gain berau areagotzea erabaki du. Gainera, 0-3 zikloan udal titularitateko haur eskolak finantzatzeko diru-laguntza kentzen duen bitartean titularitate pribatuko haur eskolek diru-laguntza jasotzen jarraitzen dute.

Horrez gain, salatu nahi dugu 30 urtez funtzionatu eta babes juridikoa izan duen udal haur eskola jo-puntuan jarri dutela orain Hezkuntza Sailak eta PNVk proiektuaren kontrakotasun juridikoa elikatuz. Kontrakotasun hori sustatu nahi dutenen aurrean LABek babes osoa adierazi nahi dio Oiartzungo proiektuari., izan ere, Urmendi Udal Ikastola Partzuergoaren eredua, beste batzuen artean, aintzat hartzen du LABek konfluentziarako abiapuntu gisa.

Langileen egoerari dagokionez, alde guztiei arduratsu jokatzeko deia egiten diegu, ziurgabetasunaren aurrean langileen hitza entzuna eta kontuan hartua izan dadin eta etorkizuneko egoera berriaren aurrean lanpostu guztien bermea adostua izan dadin.

INFO-2026-06-08_Urmendi