Hezi+ programaren behin betiko ebazpenak iaz sinatutako lan hitzarmena urratzen du, eta programa horren bidez zuzeneko dedikazio orduak ordu osagarri moduan hartu nahi ditu Hezkuntza Sailak. Sailak alde bakarreko bidea alboratu ezean, mobilizazioetan eta eremu judizialean jauzia egitea baloratuko du LABek.
roiektua aurrera eramateko irizpideak zehazten dituen behin betiko ebazpena argitaratu zuen.
Urtarrilaren amaieran, behin-behineko ebazpena argitaratzean, adierazi bezala, Hezi+ programaren behin betiko ebazpenak 2025eko maiatzaren 9an sinatutako lan hitzarmenaren kontra egiten duela berretsi nahi du LABek. Izan ere, akordio arautzaile berriak honakoa jasotzen du hitzez hitz: “Bigarren Hezkuntzako, araubide bereziko eta Lanbide Heziketako irakasleek 17 eskola-ordu emango dituzte gehienez, laguntza- eta indartze-programetan emandako eskola-orduak barne (Hedatze edo antzeko programak).”
LABek adierazi duenez, sailak alde bakarrez ondutako Hezi+ programa Hedatze ordezkatzera dator, baina, akordioak jasotzen duen bezala, ordu horiek 17 eskola-orduen baitan sartu behar dira; Hezi+ programaren He-Hobetuz egitasmoaren bidez, ordea, zuzeneko dedikazio orduak txertatu nahi ditu sailak, ordu osagarriak bailiran. Hortaz, Hezi+ programak, Hezkuntza Sailak proposatu bezala, akordioaren aurka egiten duela adierazi nahi du LAB sindikatuak. Zentzu horretan, 2026ko otsailean Hezi+ programa zehazten zuen behin-behineko ebazpenaren aurka errekurtsoa jarri zuen LABek, baita Steilas eta CCOOrekin batera mobilizatu ere, Hezi+ horrela ez, akordioa bete lelopean.
Bestalde, ikastetxeetako klaustro gehienek hasiera-hasieratik erakutsi dute Hezi+ programarekiko kontrakotasuna, sailak proposatutako baldintzek, besteak beste, langileen lan-baldintzak urratzea baitakarte. Zentzu horretan, LABek uste du ikastetxeek zein eskola kontseiluek Hezi+ programa onar zezaten azken hilabeteotan Hezkuntza Sailak egin dituen mugimenduek, zuzendaritzetara bidalitako oharrek eta zeharka egindako xantaiek argi erakutsi dutela sailak nola edo hala inposatu nahi izan duela aipatutako programa.
Bukatzeko, datorren ikasturteari begira, LABek Hezkuntza Sailari exijitzen dio akordioan jasotako eta betetzeko dauden gaiei soluzioa emateko, Hezi+ programa barne. Izan ere, sailak alde bakarreko bidea alboratu eta akordioa osotasunean betetzeko urratsak eman ezean, bide mobilizatzailean eta judizialean jauzi bat ematea baloratuko du LAB sindikatuak.
INFO-2026-05-05


