EAEko Lanbide Heziketa: Lanbide Heziketan euskaraz. Eskubidea paperean, mugak praktikan

106

Bizkaiko Lanbide Heziketako Normalkuntzako arduradun talde batek egindako prentsaurrekoan parte hartu du LABek, Lanbide Heziketako euskararen egoera salatzeko. Jarraian bertan irakurritako testua:

EAEko hezkuntza-sistemak paradoxa argi bat erakusten du euskararen presentziari dagokionez. DBH-n D eredua nagusi bada eta Batxilergoan goranzko joera badago, Lanbide Heziketan zergatik ikasleen herenak inguru baino ez du euskaraz ikasten? Zergatik gertatzen da eten hau? Nola da posible euskaraz ikasteko eskubidea etapa batzuetan bermatzea, baina Lanbide Heziketan ez?

Arazoaren muina Hezkuntza Sailak ikasturte bakoitzean ezartzen dituen irizpideetan dago. DBHko eredu eskaintza eskariaren araberako den bitartean, Lanbide Heziketan aldez aurretik planifikatua egon ezean, ez da D eredurik eskaintzen. Zentzu honetan, badirudi administrazioak, ikasleen benetako aukerei eta hizkuntz eskubideei ez diela lehentasuna ematen.

Datuek eurek bakarrik hitz egiten dute EAE mailan: D ereduan matrikulatzen dira DBHn %73,81; Batxilergoan %68,78 eta LHn %29,48 hurrenez hurren, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko 2024-25 matrikula estatistikaren arabera. Ondorio argia da: lan mundura bideratutako ikasle askorentzat euskarazko ikaskuntza eten egiten da, nahiz eta aurreko etapa guztietan euskaraz ikasi.

Honenbestez, LHko ikasleek zer aukera dute benetan euskaraz ikasten jarraitzeko? D ereduaren eskaintza hain murritza izanik, ikasle gehienek A eta B ereduetara jotzen dute. Eredu bi hauetan, ostera, euskararen presentzia oso mugatua da (Lanbide Heziketako A ereduan euskara ikasgai ere ez da), eta kasu askotan ikasleek euskarazko ikasgairik gabe egiten dute ziklo osoa. Horrek zuzenean urratzen du legea: Lanbide Heziketako prestakuntza-programa guztiek euskaraz ikasteko aukera bermatu behar lukete, ikasleek gutxieneko gaitasuna gara dezaten. Hori ez da betetzen, eta egoera oso kezkagarria da!

Lanbide Heziketa lan-mundurako sarbide nagusietako bat da, baina euskararen presentzia ez da inondik ere nahikoa. Horrek esan nahi du milaka ikaslek ez dutela euskaraz lan-arloko hizkera, tresna eta ohiturak garatzeko aukerarik. Are gehiago, mezu okerra zabaltzen da: euskara ikastea baliagarria da etapa batzuetan, baina ez lanerako. Eta hori ez da kasualitatea, erabaki politikoen emaitza baizik.

Zentzurik ba al du ikasle bati bere euskarazko ikaskuntza-ibilbidea etetea? Onargarria irudituko litzaiguke DBH D ereduan egindako ikasle bat Batxilergoa A ereduan egitera behartzea? Ez litzateke batere zentzuzkoa, ezta? Ordea, zergatik ematen da zentzugabekeria hau Lanbide Heziketa hautatzen duten ikasle askorekin? Euskaraz ikasteko eskubidea ez da bermatzen non eta lan munduaren atarian.

Euskara indartu eta ezartzeko BIDEORRI garatu baten premia dau, helburu zehatzekin eta epe mugatuetara.

NORMALKUNTZA BATZORDEEN NORAEZA

Orain arteko Ulibarri programa bukatu edo eten egingo dalaren berria jaso da, baina horren ordez zer planteatzen den ez dute aurkeztu. Hortarako Normalkuntzan gabizenon iritzi, aportazio edo ideiarik ez dute jaso nahi izan eta bertan gauzenon sentsasiñoa baztertuak garena eta mespretsuarena da. Guk ere ibilbide eta erronka honen parte izan nahi dugu eta laguntzeko gogoa dugu!!

Ondorioa, garbia da: galtzailea, beste behin, euskara eta euskaldunak. Heldu da hori aldatzeko garaia!