
Duela 2 urte baino gehiago eta 14 greba egunen ondoren, Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatzea lortu genuen. Azken aldi horretara arte, behin GAA sinatuta, berehala aplikatzen zen, eta hilabete pare batean sinatutakoa hitzarmen berri batean txertatuta zegoen. Patronalek GAA sinatu zuten, baina oraingoan ez zuten aplikatu nahi izan eta, beraz, ez dute hitzarmen berri batean txertatzen utzi. Argi geratu da bi urte hauetan KEk eta AICE-IZEAk fede txarrez jokatu dutela, akordioa betetzeko asmorik ez zutela jakinda sinatu zutelako. Lehenik uko egin zioten soldatak eguneratzeari, sinatutako igoeren arabera, eta epaitegietara jo behar izan genuen.
Horiek arrazoia eman ziguten esanez akordioak hitzarmen maila duela berria sinatu arte, eta sinatutako guztia sinaduraren unetik aplikatu behar dela. Une horretan patronalek epaia errespetatu eta bete zuten. 25-26 ikasturte honetan eskola-ordu murrizketa aplikatu behar zuten, eta lan pertsonalerako ordu osagarriak 4tik 5era pasatu. Horrekin lan karga murriztea lortu genuen, eta ikasgelak ixteagatik kaleratzeak ekiditen genituen. Uko egin zioten aplikatzeari eta, beste behin, epaitegietara jo behar izan genuen. Bigarren aldiz, epaia langileen aldekoa izan zen, baina, kasu honetan, KE eta AICE-IZEA ez ziren konformatu GAA ez betetzearekin, eta epaia ere ez dute bete.
GAAren beste ez-betetze batzuk hauek dira:
– Uko egiten diote ikasgela ixteagatik kaleratutakoei lan egindako urte bakoitzeko 26 eguneko kalte-ordaina emateari, denbora-mugarik gabe.
– DBHko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako langileen soldata osoa ordaintzeari uko egin diote, eta % 0,57 murriztu dute 2025eko urtarriletik.
– Ez dute % 16ko igoera aplikatzen tutoretza-plusean.
Horrekin batera, patronalek hitzarmen berria sinatzeko egindako azken proposamenean, atzerapausoak proposatu dituzte:
– Atzerapausoak ezarri nahi dizkigute, aurreko hitzarmenak ematen zizkigun baimen-egunak kenduz.
– Antzinatasunari begira lan egindako egun guztiak aitortzea zaildu nahi dute
– Haur Hezkuntzako lehen zikloan lan egiten duten langileen oporretako 10 egunetan murrizketak ezarri nahi dituzte.
– 6 hilabetetik gorako kontratuak lehen egunetik mugagabeak direla ez dute onartu nahi.
– Birkokatzeko akordioan jasotako AZLak birkokatzeko eskubidea kendu nahi dute.
-…
Horrekin guztiarekin, KEk eta AICE-IZEAk nahita blokeatu dute hitzarmen berri baten sinadura eta, beraz, negoziazio kolektiboa.
Langileen lan eskubide guztiak jasota eta legez ziurtatuta daude bi dokumentutan: 17-21 hitzarmena, ultraktibitatean dagoena, eta GAA, beste bat sinatu arte hitzarmen maila duena. Egoera horren aurrean, LAB, STEILAS, CCOO eta UGTk sinatutako eskubide guzti-guztiak defendatzen jarraituko dugu, bai bide judizialetik, bai ekintza sindikalarekin. Eta KEk eta AICE-IZEAk proposatutako atzerapauso bakar bat ere ez dugu onartuko. Ildo horretan, hurrengo kanpainak jarriko ditugu abian:
1.- Enplegua mantentzeari buruzko Mahai Teknikoa deituko dugu:
Greba Amaierako Akordioan bilera batzuk adostu genituen sektoreko enpleguari eusteko. GAA ez aplikatzeak enpleguaren mantentzeari zuzenean eragiten dionez, LAB, STEILAS, CCOO eta UGTk Mahai Tekniko bat deituko dugu gaia aztertzeko.
2.- Kolaborazio 0 kanpaina:
Patronalek eta ikastetxeek GAA betetzen ez dutela eta epaiak errespetatzen ez dituztela ikusita, guk borondatez egiten ditugun jarduera guztiak egiteari utziko diogu, nahitaezkoak ez direlako, hala nola:
– Ikasketa-bidaiak.
– Gabonetako edo ikasturte amaierako jaialdiak.
– Lanaldia gainditzen duten irteerak.
– Ate irekien jardunaldiak larunbatetan edo lanalditik kanpo.
– Erlijio konbibentziak
– Gauak barne dituzten irteerak
…
3.- Kaleratzeak gizarteratzea:
LAB, STEILAS, CCOO eta UGTk salatu nahi dugu GAAn sinatutako eta EAEANren urtarrilaren 29ko epaian berretsitako eskola ordu bat ez murrizteak kaleratzeak eragiten dituela. 25-26 ikasturtean 100 kaleratze baino gehiago izan dira sektorean ikasgelak ixteagatik. Ikastetxe gehienetan, inor kaleratu behar ez izateaz gain, lanpostu berriak sortuko ziren. Patronalek eta ikastetxeek ezin dute esan kezkatuta daudela matrikularen jaitsierarekin, eta, bestalde, uko egitea kasu gehienetan arrazoi horregatik kaleratzeak saihesten dituen neurri bat aplikatzeari. Patronalek 26-27 ikasturtean ere sinatutakoa urratzen jarraitzen badute, irailaren 1ean arrazoi horregatik egindako kaleratzeak salatuko genituzke.
4.- Familiak informatuta edukitzeko kanpaina:
LAB, STEILAS, CCOO eta UGTtik familiak jakinaren gainean eduki nahi ditugu patronalek eta ikastetxeek sinatutako akordioaren ez-betetzeei buruz, baita hitzarmen berri bat sinatzean egiten duten blokeoari buruz ere. Familiei zirkular bat helarazten saiatuko gara, eta ikastetxeetako IGEekin bilerak eskatuko ditugu, azaltzeko KEren eta AICE-IZEAren negoziatzeko asmorik ezaren ondorioz 14 eguneko greba jasan genuela, 2024ko otsailaren 5ean GAAren sinadurarekin amaitu zirenak. GAAko ez betetzeak eta EAEANren epaia ez betetzeak hezkuntza-komunitate osoari eragiten dio eta eragingo dio.
5.- Langileek sinatutako eskaera-kanpaina, ikastetxeek eskola-murrizketa aplika dezaten:
LAB, STEILAS, CCOO eta UGTk irakasleek ikastetxeetako zuzendaritzei sinatutako eskaera-kanpaina bat jarriko dugu abian, GAAn sinatutako eta EAEANren epaian berretsitako eskola-ordu murrizketa aplika dezaten. KE eta AICE-IZEA patronalek ez dute bete GAAn sinatutakoa, hau da, eskola-ordu murrizketa eta lan pertsonalerako 5. ordu osagarria. EAEANren epaia ere ez dute betetzen. Hala ere, ikastetxeek dute hori aplikatzeko azken hitza eta ahalmenaren % 100a, eta hori da eskatzen dieguna.
Beraz, LAB, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte. Eta hitzarmen berri bat sinatzearen alde egiten jarraituko dugu, langileen eskubideetan atzerapauso bat ere onartu gabe, eta DBH, Batxilergo eta LHko irakasleen soldatetan deskonturik egin gabe (%16 eta ez % 15,43). Hori lortzeko, eskura ditugun tresna guztiak erabiltzen jarraituko dugu, bai bide judiziala, bai ekintza sindikala.
2026-03-24_Prentsa-oharra


