Greban dauden kudeaketa zuzeneko jangela publikoetako langileen funtzioak beste inork ez egitea eskatzen du LABek

163

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako kudeaketa zuzeneko jangela publikoetan martxoaren 10, 11 eta 12an egingo diren greba egunen harira, hainbat gogoeta partekatu nahi ditu LABek.

Zerbitzu minimoak gehiegizkoak izan arren, greben eragin handia aurreikusten da hurrengo asterako, otsailaren 24, 25 eta 26an gertatu bezala; hau dela eta, jangeletan ez da ohiko zerbitzurik izango. Horren ondorioz, greba egingo duten jangeletako langileen hutsunea betetzeko irakasle, hezitzaile edota zerbitzuetako langileek lan horiek egitea proposatu dute zenbait ikastetxetan.

LABek argi adierazi nahi du horrelako jokabideek greba egin nahi duten langileen oinarrizko eskubidea urratzen dutela; are gehiago, legez kontrakoa da. Bestalde, irakasle, hezitzaile eta zerbitzuetako langileei ez dagokie jangeletako langileen funtzioak betetzea.

Administrazioak ezartzen dituen gehiegizko zerbitzu minimoekin greba egunak desitxuratu eta baldintzatzen saiatzearekin nahikoa ez, eta orain, greban dauden langileak ordezteko trikimailuei egin behar diegu aurre.

Egoera horren aurrean, datorren martxoaren 10, 11 eta 12an irakasle, hezitzaile eta zerbitzuetako langileei dei egiten diegu horrelako proposamenak onar ez ditzaten.

Gauzak horrela, LABetik dei egiten diogu hezkuntza komunitate osoari ere, grebarekin bat egin eta elkartasuna adierazteko.

INFO-2026-03-06_EUS