Hezkuntza zerbitzua eta hezitzaileen lan zamak arinduko dituen beste mugarri historiko bat sinatu du Haurreskolak Partzuergoan gehiengoa duen sindikatuak. Haur hezkuntzako lehenengo zikloan eskaintzen den zerbitzuaren kalitatean aurrera urrats garrantzitsua da eta haur hezitzaileen lan zama arinduko duen akordioa da.
Bestalde, iazko greba eta mobilizazio zikloa bukaera eman zion akordioa sinatu zuen LABek 2025eko otsailaren 10ean. Gaur, Haurreskolak Partzuergoko hitzarmen kolektiboari buruzko aurreakordioa behin betiko hitzarmena bilakatu da LABen sinadurarekin.
> Lan Hitzarmena eta Plantillak esleitzeko irizpideen akordio berria: HEMEN
> LABetik Plantillak esleitzeko irizpideekin sortu dugun hobekuntzen taula: HEMEN
LAB Sindikatuak sinadura hauek nahi baino beranduago iritsi direla salatu nahi du beste behin eta administrazioa etengabe zentzurik gabeko luzapenetan aritu dela mahaigaineratu du sindikatuak.
Horrez gain, LABek hitzarmenaren aurreakordioan jasotakoa garatu eta plantillak esleitzeko irizpideen dokumentua sinatu du eta hau, eranskin bezala txertatuko da Lan Hitzarmenean. Hilabete luzeetan aldarrikatu bezala, sindikatuarentzat funtsezko akordioa da hau. Lortu zuen doakotasunari esker azken urteetan, Haurreskolak Partzuergo Publikoan eman den matrikulazioaren gorakadari erantzuteko, 0-3 zikloko haurrei eskaintzen den hezkuntza zerbitzuaren kalitatearen hobekuntzan eta hezitzaileen lan zamak arintzeko ezinbestekoa.
Batetik, hitzarmenean jasotako Haurreskolak Partzuergoko zentroetako unitateen araberako ratioak nabarmen hobetzen dira. Bestetik baliabide pertsonal gehigarriak bermatuko dira hainbat irizpideren arabera hala nola, prestakuntza eta koordinaziorako denbora, eraikinen tipologia, haurren ordutegiak, premia bereziak, indarkeria matxista edota egoera zaurgarriak. Horrez gain, gutxieneko ordutegia bi hezitzailerekin Haurreskolaren hezitzaile taldeak erabakiko du, zentroen autonomia indartuz.
Irizpide hauetako batzuei aurre egiteko baliabide pertsonal zehatzak dokumentuan bertan jasotzen dira. Premia bereziak dituzten haurrak dauden egoerei aurre egiteko, Arreta Goiztiarreko edota Haurreskolak Partzuergoko teknikariak balorazio txostena egingo dute horrela eskatzen denean. Txostenean jasotakoaren arabera jarriko dira egokitzapenak edota hezitzaile gehigarriak. Egoera zaurgarriak eta indarkeria matxistari dagokionean, protokolo bat adostuko da hezitzaile, kudeaketa alorreko langile, familia eta haurrak kontuan izango dituena.
Guzti honetaz gain, 2026-27 ikasturtean zehar, zailtasun handieneko baldintzetan lan egiten duten haurreskolak zeintzuk diren aztertuko da, haien beharrak zehatzago definitu eta, hartara, eskaintzen zaizkien baliabideak doitu ahal izateko.
Bestalde, Haurreskolak Partzuergoko zentroetan ordezkapen guztien estaldura modu egoki eta eraginkorrean egingo da, une oro hezkuntza zerbitzuaren kalitatea eusteko. Horrez gain, kudeaketa alorrean izandako aldaketak kontutan hartuta, zerbitzuaren dimentsionamendua aztertuko da.
Sinatutako dokumentuan jasotzen den bezala, akordioaren jarraipen etengabea eta irizpide hauen aplikazioaren jarraipena egingo da mahai parekidean. Akordio honek 180 kontratu berri ekarriko ditu apirilean, Haurreskolak Partzuergoaren datuen arabera, estrukturalak bilakatuko direnak LABek hitzarmenean sinatu duen prozeduraren arabera.
Orain dela urtebete LAB sindikatuak bakarrik sinatu bazuen ere, gaurkoan Steilas sindikatuak babesa adierazi dio hitzarmenari, berau sinatu eta LABek urtebete luze honetan egindako lan eskerga babestuz.
LAB sindikatuak, orain arten egin bezala, lanean jarraituko du langileen lan baldintzak hobetzeko bidean eta 0-3 zikloaren aitortzan urratsak ematen.
2026-03-02_LAB_Haurreskolak_EU


