EAEko Irakasleak: Aldebakarrekotasunari eutsiz, ikasgeletan kamerak derrigorrez instalatzeko tematuta jarraitzen du Hezkuntza Sailak

94

Azken egunetan LABek jakin duenez, ikastetxeak Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Lurralde Ordezkaritzetatik mezuak jasotzen ari dira kamerak geletan derrigorrez instalatu behar direla esanez, hiru hilabete atzera bezala.

Azaro aldera hainbat klaustro edota Eskola Kontseiluk kamerak ez instalatu eta gordetzearen aldeko erabakia hartua bazuten ere, berriro ere irakasleon iritzien gainetik eta sindikatuekin adostu gabe, aldebakarrez, ikastetxeetako beharren gainetik kamerak ikasgeletan jartzea inposatu nahi du Hezkuntza Sailak. Are gehiago, LABek jakin du kasuren batean zuzendaritzek kamerak instalatu ezean espedientea jasotzearen mehatxua ere jaso dutela.

Bere garaian aipatu genuen bezala, teknologiek ikasleengan pedagogikoki duten eraginaz hausnartzeko beharra mahaigaineratu nahi du LABek. Hezkuntza Saila teknologia digitalak neurrigabe bultzatzen ari da, irakasleak ikastetxeetan digitalizazioari neurria hartu nahian dabiltzan bitartean; teknologia pedagogiara moldatu beharrean, pedagogia teknologiara moldatzera behartuz.

Horrez gain, ordeztu nahi diren gailu informatikoak berrerabili eta bigarren bizitza bat ematea eragozten ari da Saila, besteak beste ondo dabiltzan pantailen kableak moztuz edo beste elkarte batzuei heralaztea ukatuz. Jokabide horrek zabor teknologikoa besterik ez du sortzen, eta arestian aipatutako hausnarketa egiteko beste aldagai bat dela adierazi nahi du LABek.

Zoritxarrez, Sailaren aldebakarreko eta inposizio jarrera ohikoa bihurtzen ari da gai desberdinetan. Izan ere, urtarrilaren hasieran HEZI+ dekretuarekin prozedura berdintsua erabili du Hezkuntza Sailak, klaustroen hausnarketaren eta erabaki adostuen gainetik inposizioaren bidea jorratu nahi baitu. Urtarrilaren 19an HEZI+ proiektua zehazten duen dekretua zabaldu zenetik, zuzendaritza eta irakasleen haserrea eta kontrakotasuna nagusi izan da Bigarren hezkuntzako ikastetxeetan, HEZI+ proiektua bideratzeko Sailak jarritako baldintzengatik; horrez gain, mobilizazioak egin zituzten hamarnaka zentrotan LAB, STEILAS eta CCOO sindikatuek deituta, HEZI+ akordio arautzailea urratu gabe gauza dadin, besteak beste. Sortutako ezinegonaren ondorioz, Hezkuntza Politiketako sailburuordetzak birritan atzeratu behar izan du proiektuarekin bat egin ala ez erabakitzeko data.

Horrez gain, 2025eko maiatzaren 9an sinatutako akordio arautzailean adostutako hainbat neurri bete gabe jarraitzen du Sailak; hala nola, ordu lektiboen jaitsieragatiko ordu konpentsazioa. 2025/2026 ikasturtean Haur eta Lehen Hezkuntzan irakastordu baten murrizketagatik eta Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan gehienezko 17 irakastorduengatik sortu beharreko baliabide nahikorik ez da iritsi ikastetxeetara, Sailak aldebakarrez aplikatutako irizpideen ondorioz. Zentzu horretan, ikastetxeetara bideratu beharreko baliabideak sindikatuokin adosteko bideak jar ditzan eskatzen du LABek.

Kameren gaiari itzuliz, horiek jartzeko agindua bertan behera utzi eta hezkuntza komunitateari entzuteko eskatzen diogu Hezkuntza Sailari.

Akordioari lotutako baliabideei dagokionez, ikastetxeei benetan behar dituzten baliabideak bidaltzeko neurriak har ditzan exijitzen dio LABek Sailari.

INFO-2026-02-17