EAEko Ikastolak: LABek deituta giza-kate argitsua egin dugu Donostian, Hezkuntza Sailari Akordio Laborala bete dezala exijitzeko

60

LABek Ikastoletan abiatutako borroka eta mobilizazioen hurrengo hitzordua izan da Donostiakoa.

Mobilizazio honekin, beste behin, Hezkuntza Sailari exijituko diogu sinatutako Akordio Laboralean jasota dagoena bere osotasunean betetzea.

Gogora ekarri behar da 2023ko ekainaren 1ean, LAB sindikatuak Akordio Laborala sinatu zuela Hezkuntza Sailarekin.

Akordioak jaso zuen Ikastoletako langile guztien eta sare publikoko langileen arteko soldaten parekatzea erabat gauzatuko zela 2027an. Horretarako, bi aldeen artean urtez urteko bide mailakatu bat zehaztu zen. Ibilbide horretan, 2024 urteari zegokion altxaketa jaso zuten langile guztiek. Hurrengo urtean, ordea, 2025ean, Hezkuntza Sailak langile guztientzat izan behar zuen altxaketa kategoria batzuentzat soilik gauzatu zuen, akordioak jaso zuena bete gabe utziz Haur Hezkuntzako 1go zikloko Hezitzaileentzat, jarduera osagarrietako langileentzat, administrari buruentzat, administrarientzat, administrari laguntzaileentzat, IKT mantenu teknikarientzat, sukaldari buruentzat, sukaldarientzat, mantenuko arduradunentzat, atezainentzat, etxezainentzat, jangelako langileentzat, garbiketako langileentzat eta garraioko langileentzat.

Bestalde, Akordio Laboralean bertan, bigarren adostasun bat ere sinatu zen; hain zuzen ere, Ikastoletako langileen lan baldintzen homologaziorako azterketa bat abiatzea. Horretarako, Akordioan bertan jaso zuten bi urteko epean, mahai bat osatuko zutela azterketa hori egiteko. Joan da 2025eko urtea eta ez da mahairik osatu; gainera, ez dago inongo zantzurik osatuko denik ere. Lan-baldintzen homologazioaren inguruko azterketarik ez egiteak, Ikastolako langile guztien lan-baldintzei eragiten die.

Hezkuntza Sailak Akordio Laboralean Ikastoletarako sinatu zuena ez gauzatzeak, eta beraz, Ikastoletako langileentzat suposatzen duten eskubide urraketak salatu zituen LAB sindikatuak 2025eko ekainean egin zuen Agerraldi publikoan. Salaketarekin batera, dei egin zien Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastoletako langileei kalera atera eta Hezkuntza Sailari bere hitza bete zezan exijitzera.

Hilabete horretan bertan, LABeko Ikastoletako ordezkariek kontzentrazioa egin zuten Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Nagusiaren aurrean; irailean, ordezkariak Hezkuntza Sailak Bilbon duen Hezkuntza Lurralde Ordezkaritzaren aurrean bildu ziren protesta egitera; urrian LABek deituta, itxialdiak egin zituzten langileek ikastoletan; eta, abenduan, Lakuan, Eusko Jaurlaritzaren Egoitza Nagusia inguratu zuen kotxe-karabana burutu zuten.

LABek berriro deitu ditu ikastoletako langileak iaz hasitako borroka eta mobilizazioetan beste urrats bat gehiago ematera, oraingo honetan Donostiako kaleetan barrena Gipuzkoako Lurralde ordezkaritzaraino.

LAB borroka dinamika horretan erabat murgilduta dagoela etorri da ELAren proposamena; Jaurlaritzarekin sinatutako Akordioa Laboralaren markoa gainditu eta Lan Hitzarmen berrirako negoziazio eta mobilizazioak abiarazteko proposamena, hain zuzen ere.

Gaur gaurkoz, ordea, Akordio Laboralaren gainean sindikatu biek duten ikuspuntua ezberdina izanik, elkarlana ezinezkoa dela adierazi dio LABek ELAri. Izan ere, LABek ez dio uko egingo Hezkuntza Sailak hartutako konpromisoak bete behar dituela exijitzeari eta abiatutako borroka eteteari.

Akordio Laboralean jasotako zenbait atalek zuzenean zeharkatzen dute Ikastoletako Lan Hitzarmena, sare publikoko langileen eta Ikastoletako langileen soldaten parekatzea esaterako.

LAB sindikatuak Akordio Laboralaren inguruko borrokarekin jarraituko du eta, era berean, Ikastoletan % 81 ordezkaritza izanda, Lan Hitzarmen berri baten negoziaziorako prest dago, Ikastoletako afiliatuekin batera osatu du eta, Lan Hitzarmen berrirako plataforma.

Beti jokatu duen arduraz jokatuko du; alde batetik, Hezkuntza Sailak hartutako konpromisoak bete arte borrokan; eta, beste aldetik Ikastoletako Langile guztientzat ahalik eta baldintzarik onenak jasoko dituen Lan Hitzarmena negoziatzen eta lortzen.

Euskal Herrian 2026ko urtarrilaren 28an.

> Argazki galeria: