Herri ekimeneko euskaltegi pribatu homologatuen lehenengo lan-hitzarmena negoziatzeko mahaia deitu dugu

437

LABek ez du Herri ekimeneko Euskaltegi pribatu-homologatuen arduradunek eta HABEk sinatutako akordioa nahikotzat jotzen eta oraindik ere hainbat gai arautu gabe geratzen direla azpimarratu nahi dugu: urteko lanaldia, ratioak, ordutegiak, lizentziak eta baimenak, formakuntza… Hori dela eta LABek dei egiten die herri ekimeneko euskaltegi pribatu- homologatuetako titularrei antolatu daitezen, euskaltegietako langileen lan baldintzak arautuko dituen Lehenengo hitzarmen kolektiboa negoziatzeko mahaia deituko baitugu hurrengo maiatzaren 26rako.

Sektorearekiko dagoen abandonu egoera dela eta, LAB lanean ari da herri eraikuntzan estrategikoa den jarduera honi etorkizun duin bat marrazteko borrokatuz. Besteak beste, izaera pribatua duten herri ekimeneko euskaltegi homologatuetan dituen afiliatuekin eta ordezkariekin, langile hauek pairatzen duten prekarietatearekin amaitzeko pausuak ematen hasi gara.

Izaera pribatua duten herri ekimeneko Euskaltegi homologatuen langileen egoera eta lan baldintzak oso anitzak dira. HABEren partetik ikas-talde bakoitzeko diru kopuru berdina jaso arren, euskaltegien artean dauden lan baldintzak oso ezberdinak dira;  batzuetan EAEko Gizarte Ekimeneko ikastetxeen hitzarmena aplikatzen da, beste batzuetan, berriz, estatuko hezkuntza ez arautuko hitzarmena aplikatzen da.

Euskaltegi homologatuen eta HABEren arteko adosturiko finantzazio-sistema

Aurreko hilabetean prentsa bidez jakin genuen izaera pribatua duten herri ekimeneko euskaltegi homologatuetako titularrek eta HABEk finantziazio sistema berria adostu dutela langileen lan baldintzak hobetzeko asmoz.

Akordio horrek langileen lan baldintzak hobetzeko helburua duela diote, baina gure ustez ez da nahikoa, pribatizazioan sakontzen duelako eta ez duelako euskaltegien sektorea arautzen.

Langileak aldebiko – HABE eta Euskaltegi pribatuetako titularrak- negoziaziotik kanpo utzi dituzte; langileen ordezkari legalei ez diete proposamena helarazi ezta eztabaidarako aukerarik eman ere. Formen aldetik oso larria. Batez ere LABek komunikazio kanal bat irekita izan duelako azken urtean HABErekin, aspaldi eskatu zuelako eztabaidan parte hartzea langileen ordezkari legal garen heinean. Gainera, euskaltegietako hainbat langile (trebatzaileak, idazkariak, informatikariak eta HABEk diruz laguntzen ez dituen jardueratan aritzen direnak) akordiotik kanpo utzi dituzte, eta horrek diskriminazio itzela sor lezake; irakasle kategoria izan arren beste batzuk baino soldata txikiagoa izan dezaketelako.

Administrazioak urte luzez abandonatuta izan duen helduen euskalduntzearen sektoreari finantzazioa hobetzea eta egonkortzea positiboa da; proposatutako finantziazioa sasi-egonkortze bat baino ez den arren. Baina, helduen euskalduntzearen sektorea ez dute herri ekimeneko izaera pribatua duten euskaltegiak bakarrik osatzen. Udal euskaltegiek ere errealitate bat dute eta akordio honek sektorearen alde publikoa ez du kontuan hartzen, horrek pribatizazioa bultzatzen du eta publiko-pribatu zatiketan sakontzen du. Gaur egungo datuek berresten dute hemen esaten ari garena: euskaltegi homologatuetan ia 1.200 langile inguru daude egun lanean, udal euskaltegietan 400 langiletara ez direnean heltzen. Beraz, argiki udal euskaltegien geroa kolokan dago euskararen ikaskuntzaren pribatizazioaren aurrean.

HABEk aurkeztu duen diru laguntzak 2 arlotan indarra egiten du; soldatetan eta ordu lektiboetan. BI alderdi horietan aurrerapauso  nabarmenak ikusten  baditugu ere (300 bat lanordu gehiago egin behar izango baitituzte irakasleek), euskaltegi bakoitzaren esku uzten du neurri hauek aplikatzea, administrazioak diru publikoaren fiskalizaziorako bermerik gabe eta 4 urteetarako aurreikuspenarekin soilik. Sektoreko langileentzat hori ez da nahikoa prekaritatetik irteteko.

Herri ekimeneko Euskaltegi pribatu-homologatuen arduradunek  eta HABEk sinatutako akordioa LABek ez du nahikotzat jotzen eta oraindik ere hainbat gai arautu gabe geratzen direla azpimarratu nahi dugu: urteko lanaldia, ratioak, ordutegiak, lizentziak eta baimenak, formakuntza… Hori dela eta LABek dei egiten die herri ekimeneko euskaltegi pribatu- homologatuetako titularrei antolatu daitezen, euskaltegietako langileen lan baldintzak arautuko dituen 1. lan hitzarmena negoziatzeko mahaia deituko baitugu hurrengo maiatzaren 26rako.

Helduen euskalduntze eta alfabetatzearen oinarriak

LABek azkenengo urteetan ordezkariekin eta afiliazioarekin egindako sektorearen  egoeraren hausnarketaren ostean, helduen euskalduntzea eta alfabetatzea 4 oinarri hauen gainean eraiki behar dela uste dugu:

  • Unibertsala : euskal herritar orok du euskara ezagutzeko eskubidea, eta botere publikoek hori bermatu behar dute.
  • Doakoa: pertsona baten euskalduntze-prozesua noiz bukatzen den zaila bada  ere zehazten, Europako Hizkuntzen Erreferentzia Markoan oinarrituta, herritarrek euskalduntze-prozesu osoa amaituta izango dute erabiltzaile gaitua direnean, hau da, C1 maila gutxienez lortzen dutenean. Euskara ikasteko gaur egungo subentzio-sistema gainditu eta benetako doakotasuna bermatu behar zaiela herritarrei.
  • Publikoa: helduen euskalduntzea bermatzea botere publikoei dagokie; eta LABen iritziz, publikotasuna bermatze aldera, helduen euskalduntzea Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailean kokatu behar da. Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailari dagokio, sistema antolatzea eta kudeatzea, finantzatzea, titulazioak kudeatzea, baliabide didaktikoak eta pedagogikoak bermatzea eta sortzea, irakasleen etengabeko formazioaz arduratzea eta langileak kudeatzea.
  • Kalitatezkoa: bai erabiltzaileentzat, zein langileentzat. Euskara ikasi nahi duten herritarrek instalazio duinak, ratio egokiak, baliabide pedagogiko egokituak… eduki behar dituzte eta hori bermatu behar zaie. Sektoreko langile guztiek lan-baldintza duinak, egonkortasuna, formazioa, aitortza eta etorkizuneko aukerak eduki behar dituzte.