
Hezkuntza Sailak, aurreko egunetan, Hezi+ hezkuntza berriztatzeko eta hobetzeko proiektuaren ebazpena bidali zuen EAEko Bigarren Hezkuntzako zuzendaritzetara, orain indarrean dagoen Hedatze proiektua ordezkatzera etorriko dena, hain zuzen ere. Ebazpenak zehazten duenez, ikastetxeek otsailaren 5a baino lehen bidali behar dute erantzunkidetasun-konpromisoa, eta horretarako klaustroek balorazioa egin behar dute, ondoren eskola-kontseiluak onarpena eman dezan.
Horrez gain, Hezkuntza Sailak 2025eko maiatzaren 9an sinatutako akordio arautzailean adostutako puntu garrantzitsu bat osotasunean bete gabe jarraitzen du oraindik, eskola-orduen jaitsieragatiko beharrezkoak diren baliabideak esleitzea, alegia; orain, gainera, HEZI+ ebazpenarekin, beste pausu bat eman du akordioaren urraketan, bigarren hezkuntzan gehienezko 17 eskola-orduei ordubete gehitzeari atea irekiz.
Horren aurrean, LAB, STEILAS eta CCOO irakaskuntza sindikatuok gure kezka eta desadostasuna adierazi dugu, proiektuaren planteamendu berriek dakartzaten ondorioengatik: pedagogikoak, antolamendukoak eta, bereziki, irakasleen lan-baldintzei eragiten dietenak. Ikasleei eskaintzen zaizkien baliabide gehigarriak errespetatu beharko lirateke, langileen lan-baldintzak urratu gabe.
Hori dela eta, Hezkuntza Sailari, ebazpenaren inguruko bilera data lehenbailehen ezartzeko eskaera egin diogu, HEZI+ proiektuaren edukiak, helburuak eta baldintzak sindikatuokin negoziatu eta adostasunak eraikitzeko helburuarekin, betiere, 2025eko maiatzaren 9ko akordioaren baldintzak urratu gabe. Izan ere, akordioa ez betetzeak ondorio legalak ditu.
LAB, STEILAS eta CCOO sindikatuok xantaia logika eta inposizio jarrera albo batera uzteko eskatzen diogu Hezkuntza Sailari eta HEZI+ adostu baten alde egiten dugu, hezkuntza-komunitatearen parte-hartzea, lan-baldintzen errespetua dituen eta Hezkuntza Publikorako baliabide nahikoak oinarri izango dituena.
Horregatik guztiagatik, eta gure desadostasuna adierazteko ere, elkarretaratzea egingo dugu urtarrilaren 30ean Bilboko Hezkuntza ordezkaritza aurrean (Gran Vía 85).
Era berean, bigarren hezkuntzako ikastetxeetako klaustroei, otsailaren 5ean (osteguna), mobilizazioak egiteko deia egiten diegu, sarrera-irteera zein atsedenaldi orduan.
HEZI+ HORRELA EZ! AKORDIOA BETE!



