Gaur, hilak 22, Heziketa Berezian baliabideak esleitzeko irizpideak lantzeko Mahai Teknikoa eta ondoren Lan Hitzarmenaren Mahai Parekidea bildu da hainbat gai argitzeko. LABetik salatu nahi dugu, berebiziko garrantzia duten baliabideak esleitzeko irizpideen inguruan etxeko lanak egin gabe etorri dela Hezkuntza saila beste behin ere, LABetik urte bete baino gehiago badaramagu ere hauen inguruko proposamen zehatzak egiten.
> MAHAI TEKNIKOA:
Mahai honetan, Heziketa bereziko langileei dagozkien ikasle ratioak, intentsitateak etabar landu behar baziren ere, Hezkuntza saileko Aniztasunerako eta Inklusiorako zuzendaria hurrengo ikasturteetarako, aurreko ikasturteetako ebazpena ia aldatzen ez duen dokumentua aurkeztu digu. Plantillak esleitzeko irizpideak lan hitzarmenean eranskin bezala txertatu behar den dokumentua dela behin eta berriro esan bazaio ere, alde sozialak egindako ekarpenak kontuan izan gabe etorri da. Gogoratu nahi dugu LAB, Steilas, eta Ugt sindikatuok sinatutako Lan Hitzarmeneko 13. artikuluan jasota datorrena:
“13. artikulua. LPZ eta plantillak egokitzea. – Administrazioak eta sindikatuek hezkuntzako langileen plantilla hauek aztertuko dituzte, hezkuntza-sistemaren egiturazko beharrak kontuan hartuta eta egungo eta etorkizuneko premiak aztertuta, plantillak esleitzeko irizpideak ezar daitezen, egungo hezkuntza sistemaren erronkei erantzuteko. Lanpostu guztiak mantentzeko konpromisoa kolektibo guztiak kontuan hartuta gauzatuko da. Horrek berekin ekarriko du aniztasunerako eta inklusiorako baliabideak emateko irizpideak negoziatzea eta adostasuna bilatzea, funtzioak, ratioak eta intentsitateak aztertuz eta prestakuntza-programak indartuz. Hori guztia administrazioak arlo horretan dituen eskumenei kalterik egin gabe.”
Hitzarmenean jasotzen den bezala, irizpideak negoziatu eta adostu behar dira.
LABek prozesu honetan zehar ez dela inolako negoziaziorik eman mahaigaineratu du eta irizpide hauek adostearen garrantzia azpimarratu du gaurko bileran. Ostera, gure harridurarako, administrazioaren aldetik jaso dugun erantzuna, hitzez hitz, honakoa izan da: irizpide horiek aldagarriak badira ere, ez dira lehentasuneko kontua”.
Beraz, oraindik ezarritako datarik ez duen beste bilera batean ratioak eta intentsitateetaz “patsadaz” hitz egiteko proposamena luzatu digu administrazioak izan ere, eta bere ustetan, “intentsitateen inguruan ondo dabiz”. LABetik salatu dugu Hezkuntza Saila oso berandu dabilela gai hau urgetziazkoa baita. Guzti honen negoziaketak hainbat prozesu baldintzatuko baititu, besteak beste, atxikipenak, ikasturte hasierako esleipenak, eta lekualdatzea.
LABetik Hezkuntza sailari dei egiten diogu gaia seriotasunaz har dezan eta benetako negoziazioa abiatu dezan.
> MAHAI PAREKIDEA:
- Euskalduntzea
Lan Hitzarmenean zehaztu zen bezala Heziketa bereziko ordezkogaien zerrendetan sartzeko hizkuntza eskakizuna C1a izanik, lanpostu guztiak (gaur egun LPZn daudenak zein sortuko direnak) perfilatuko dira C1arekin. Hezkuntza sailak guzti hau egituratzeko plangintza bat aurkeztuko digu langileen kasuistika guztiak kontutan hartuta. LABetik azpimarra jarri dugu euskara planaren beharraz.
- IRALE
Sailak aldaketak egongo direla aurreikusten badu ere, hauek irakaskuntzako langileoi eta zehazki gure kolektiboari nola eragingo dion argitzeko Sailaren informazioaren zain gaude.
- Digitalizazioa
Gure kolektiboak hainbatetan erreklamatu duen negoziatu eta adostu beharreko digitalizazio plana proposatu dugu LAB sindikatutik eta Sailak honen garrantzia baloratu eta aztertuko duela adierazi digu.
- Langileen aldi baterako ezintasun egoerak( bajak) eta hauen ordezkapenen kudeaketa
Sailak adierazi digunez, tokian tokiko osasun zerbitzua da Hezkuntza sailari eguneko bajen egoera jakinarazten diona, baina askotan 2 edo 3 eguneko atzerapenarekin dago ikusgai informazio hori, batez ere langilea bizi den erkidegoa eta lan egiten duen erkidegoa ezberdinak direnean. Guzti honek, kudeaketan zailtasunak ekarri ditu eta kasu batzuetan Gizarte Segurantzarekin arazoak. Ondorioz, ordezkapenen kudeaketan atzerapenak egotea ekarri du. Guzti hau ekiditze aldera Hezkuntza saila funtzio publikoko arduradunekin bilduko da prozesua azkartu eta Gizarte Segurantzarekin arazoak ekiditzeko eta irtenbidea bilatzeko. Zerbait dakigunean jakinaraziko dugu.
- PT-en kontratu amaiera
Administrazioak adierazi digunez, HLEn murrizketak ordezkatzeko behin behinean zeuden arazoei irtenbide emateko PTei egindako kontratuak eteten ari dira HLEen zerrendetan jadanik ordezkogaiak daudelako. LABn kontratu amaiera hauek modu zuzenean egiten ari diren aztertzen gaude.
LABetik lanean jarraituko dugu gure kolektiboan aurrera urratsak ematen jarraitzeko.
INFO-2026-01-22-1


