EAEko Lanbide Heziketa: Ikasturte hasierako ebazpenaren negoziazioa martxan jarri arren, Hezkuntza Sailak edukiak lehenbailehen jarri behar ditu mahaigainean

125

Gaur, urtarrilak 21, Lanbide Heziketako mahai teknikoa izan dugu. Ezer baino lehen adierazi behar dugu Hezkuntza Sailak abenduaren 10eko mahai teknikoan onartu zuela gaurkoa mahai negoziatzailea izango zela, LABek urte luzez egindako eskaera; izan ere, Lanbide Heziketako gaiak lantzeko mahai propioak izatea behar-beharrezkoa da. Hala ere, deialdia mahai tekniko gisa bidali zuen Sailak.

Aurreko mahai teknikoan ere beste konpromiso batzuk hartu zituen Sailak, besteak beste, metodologia zehaztea (dokumentazioa aurrez jaso eta ekarpenak egiteko epea izateaz gain sindikatu guztiok ere ikusi ahal izatea). Zentzu horretan, soilik bi egun lehenago bidali ditu Hezkuntza Sailak sindikatuok bidalitako ekarpenen idatzizko erantzunak, LABek esaterako, irailaren 12an helarazi zituen arren. Ondorioz, edukiak behar bezala lantzeko denbora gutxi izan dugu eta mahaian ekarpen batzuk aurrez partekatu gabe aurkeztu ditu Sailak.

Gaurko mahaiari dagokionez, gai bakarra landu dugu: ikasturte hasierako ebazpena.

Hasteko, ondo baloratzen dugu lehen aldiz ikastetxeetako funtzionamendua arautzen duen ebazpena sindikatuokin negoziatzea. Izan ere, ezin dugu ahaztu greben ondorioz sinatu genuen lan-hitzarmen berrian jaso genuela ikasturteko hasierako ebazpenak sindikatuokin negoziatu eta adostu behar zirela, orain arte Sailak eta Lanbide Heziketako sailburuordetzak izan duen aldebakarreko jarrera alboratuz.

Hala ere, proposatzen diren aldaketak 2026-2027 ikasturteari lotuta daude. Bitartean, 2025-2026 ikasturtean bertan aplikagarri egotea eskatu dugu LABetik. Edonola ere, norabide onean doan pausutzat ulertzen dugu Sailak ahoz hartutako konpromisoa, ikasturte hasierako ebazpena maiatzerako ikastetxeen esku egongo dela, planifikazioa egin aurretik; horretarako, ordea, aurreko mahaian adostutako metodologia eta epeak betetzea eskatzen diogu Sailari.

LABek proposatuta, martxoan beste mahai bat egitea adostu dugu. Zentzu horretan, ahalik eta ekarpen gehien txertatu eta plangintza betetzeko lan egingo du LABek.

Azkenik, LABek lanean jarraituko du Lanbide Heziketak bere mahai propioak izan ditzan eta eraginkorrak izan daitezen; era berean, ekarpenak egiten jarraituko du edukietan.

INFO-2026-01-21