Haurreskolak Partzuergoa: Eusko Jaurlaritzaren erresistentzia 63 lanpostu berriak sortzeko

129

Haurreskolak Partzuergoak 63 lanpostu sortzearen auzian txosten bat falta zaiola esan du epaitegian, hori dela eta 15 eguneko moratoria onartu dio Partzuergoari eta epaiketa ez da burutu eta luzapena bukatzean aztertuko da auziarekin zer egin.

2024ko apirilean, LAB eta STEILAS sindikatuok ekoizpen-beharrengatiko kontratuen luzapena eta Lanpostuen Zerrenda handitzeko prozedura adostu genituen Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritza Batzordearekin. Akordio honi jarraituz 63 lanpostu txertatu behar ziren 2025eko irailaren 1erako . Akordioa ez zela beteko eta prozedura etengabe atzeratzen ari zela ikusita, LABek ikasturte hasieran bide juridikoari ekin zion.

Lehenengo adiskidetze saioan, Haurreskolak Partzuergoak adierazi zigun 63 lanpostuen sorreraren kudeaketa egiten ari zela, arazo burokratikoak aitzakia gisa erabiliz. Egoera horren aurrean, LAB eta STEILAS sindikatuok behin-behineko neurri batzuk adostea lortu genuen, 63 lanpostuak iritsi bitartean (ekoizpen-beharrengatiko kontratuak egitea, besteak beste) eta epe zehatz bat jarri genuen konpromisoa betetzeko.

Epe hori gaindituko zela ikusita, Haurreskolak Partzuergoak aldebakarrez erabaki zuen lan-metaketak ekoizpen beharrengatiko kontratuak ikasturte amaierara arte luzatzea. Eta bigarren adiskidetze saioan hartutako konpromisoa beteta ez zegoenez, demanda sartzea erabaki genuen LABetik.

Gauzak horrela atzo, hilak 20, LABetik sartutako demanda ebazteko EAEko Auzitegi Nagusian epaiketarako hitzordua genuen. Lanpostuen zerrendan 63 lanpostu sortzeko epaiketaren aurretik, epaileak, aldeak entzun eta gero Haurreskolak Partzuergoari 15 eguneko moratoria eman zion, lanpostuak sortzeko prozedurari amaiera emateko zenbat denbora behar duen jakinarazteko. Ondorioz, epaiketa ez zen burutu eta luzapena bukatzean aztertuko da auziarekin zer egin.

LABetik gogor salatzen dugu, akordio hau 2024koa dela aitzaki desberdinak hartuta prozedura atzeratu izana, Eusko Jaurlaritzaren lanpostuak sortzeko erresistentziaren ondorio zuzena baita. Bestetik, hainbat haurreskoletan bizitzen ari diren egoerak ere salatu nahi ditugu. Izan ere, langileek 6 orduko arreta zuzena gainditzen dute zenbait kasutan, Lan Hitzarmenean 6 orduko arreta zuzena bermatu behar dela jasotzen bada ere. Guzti hau lan-baldintzen urraketa larritzat jotzen dugu. Horrez gain, besteen artean, Lan Hitzarmenaren sinadura eta honen argitalpena EHAAn lehenbailehen gauzatu dadin Mahai Negoziatzailea deitzea exijitzen dugu. Era berean, Plantilak Esleitzeko Irizpideak adostearen premia azpimarratu nahi dugu.

Gauzak horrela, eta egoera bideratu bitartean ditugun tresnak aktibatuko ditugu, Haurreskolak Partzuergoko langile eta hezkuntza komunitatearen elkarlana abiaraztea baino ez zaigu geratzen.

INFO-2025-01-21