LABek Hezkuntza Sailak Hezi+ proiektua zehazten duen ebazpena ikastetxeetako zuzendariei aldebakarrez bidali izana eta sindikatuokin aldez aurre negoziatu eta adostu ez izana zein informaziorik partekatu ez izana salatzen du. Ebazpen honek 2025eko maiatzaren 9ko akordioan jasotzen den Bigarren Hezkuntzako gehienezko 17 eskola-orduak indargabetzea ekarriko luke, aparteko ordu bat gehituz.
Iazko ikasturtean burututako greba eta mobilizazioen ondorioz, lorpen handiak eskuratu genituen; hala ere, akordioan jasotako ordu lektiboen jaitsiera gauzatzeko oztopoak jarri ditu Sailak hasiera-hasieratik. Izan ere, Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan gehienez 17 ordu izateko (Hedatze edo beste edozein proiektu barne) eta Haur eta Lehen Hezkuntzan 22 irakas ordutara jaisteko ikastetxeei esleitu beharreko baliabide nahikorik ez du bidali. Akordioa sinatu zenetik eta ikasturte hasiera honetan ere LABen ekimenez tokian toki buruturiko mobilizazioek agerian utzi zuten adosturiko baliabide guztiak ez zirela esleitu eta ikastetxez ikastetxe borrokatu ditugula. Zentzu horretan, 26/27 ikasturteko lanpostu guztien hornikuntza sinaturiko akordio arautzaile berriaren arabera gauzatu dadin lan egingo du LABek.
Hezi+ proiektua ildo beretik doa: Bigarren Hezkuntzako irakasleen ordutegi osagarrian jarduera osagarriak eta eskolaz kanpoko jarduerak egiteko derrigortasuna ezarri dute, zuzenean irakas ordu bat gehituz. Neurri horrek akordio berriaren kontra egiten duela salatzen du LABek, Bigarren Hezkuntzako gehienezko 17 eskola-orduak ezerezean utziz.
Gainera, Hezkuntza Sailak ikastetxeetako zuzendaritza eta klaustroen gain utzi du irakasleen ordutegiak akordioan jasotakoaren gainetik ixtea, ikastetxeetan ordu lektiboak murrizteko baliabide nahikorik bideratzen ez dituen bitartean. Izan ere, urtarrilaren 29a baino lehen proiektuan parte hartzeko eskabidea bideratu behar dute ikastetxeek.
Egoera honen aurrean LABek deia egiten du Hezkuntza Sailaren aurrean neurri honen kontrako jarrera kolektibo bat hartu dezagun, klaustroek eta zuzendaritzek 17 ordu lektiboren gaineko ordutegiak finkatzeko irmotasuna adieraziz eta hori bermatzeko beharrezkoak diren baliabideen gehikuntza eskatuz Sailari eta bere ordezkari guztiei. Langileon presioarekin (klaustroen eta zuzendaritzen indarrarekin) gelditu behar dugu, Hezi+ proiektuari dagokion aplikazioa bera langileon ordezkariokin Akordio Arautzailean jaso genuena betez adostu dezaten.
LABek irmoki salatzen du Hezkuntza Sailak, beste behin ere, akordioaren aurka Hezi+ proiektua zehazten duen ebazpena aldebakarrez ezarri izana. Are gehiago, LABek bere bitarteko guztiak baliatuko ditu, mobilizatzailea zein juridikoa, akordioaren edukiak urratu ez daitezen.
Sailaren ez betetzeen aurrean, mobilizatzen eta mahaietan ordu lektiboen jaitsieraren aplikazioari begirako baliabide guztiak eskuratzeko proposamenak egiten lanean jarraituko du LABek adostutakoa azken punturaino bete dadin. Zentzu horretan, orain arte bezala, gure komunitatea osatzen duten afiliatuekin batera egingo dugu bidea, baita zentroetan asanbladak egiten jarraituko ere langileekin batera. Era berean, LABek gainontzeko sindikatuei elkarlanean lan egiteko deia egiten die, beharrezkoak balitz, bide mobilizatzailea erabiliz.
INFO-2026-01-20


