Hilabeteak daramatzagu mahai negoziatzaile bat eskatzen eta oso larria iruditzen zaigu Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritza batzordeak hilabete guzti hauetan erakutsi duen utzikeria. Mahai Negoziatzailea lehenbailehen deitzea ezinbestekoa da aurrera egiten jarraitzeko. Hori dela eta, beste behin ere urgentziaz Mahai Negoziatzailea deitzeko exijitzen diogu Haurreskolak Partzuergoari.
Hainbat beharren artean Lan Hitzarmenaren zuzenketak eta berme klausulari esker lortu diren hobekuntzak txertatu, behin betiko dokumentuaren sinadura gauzatzeko eta EHAAn argitaratu dadin. Bestetik Plantillak Esleitzeko Irizpideen akordioa lehenbailehen ixtea beharrezkoa da. Ratioak hobetu eta adostuko diren irizpideen arabera Haurreskoletan behar dituzten baliabide pertsonal gehigarriak lehenbailehen jartzeko, Haurreskolei arnasa eman, behar bezala hornitu eta hezkuntza kalitatean urratsak emateko.
Oraindik akordioa erdietsi ez bada ere, LABetik lanean aritu gara burubelarri hilabete guzti hauetan, langileen lan baldintzak hobetzen jarraitzeko, bai eta Lan Hitzarmena bere osotasunean gara dadin.
> Itzarri: Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundea (BGAE)
Azken egunetan Itzarri (BGAE) Borondatezko Gizarte Aurreikuspenerako Erakundean Haurreskolak Partzuergoaren integrazioarekin sortu diren gaizki ulertuak argitu asmoz Partzuergoak eman digun informazioa zuekin partekatu nahi dugu.
Haurreskolak Partzuergoaren aldebakarreko erabakia izan zen eta ekarpena 2025eko urtarriletik atzera eraginez egitea erabaki zutela adierazi zuen. 2025eko irailean nominen aplikatibo berriak dituen muga teknikoak direla eta ezin izan dute, abenduko nominara arte aldaketa egin.
Itzarri edota bestelako pentsio sistemak (elkarkidetza…) langile publiko guztiek dute, eta administrazioak ekarpenak egiten dizkie. LAB sindikatuak Pentsio Sistema hauen (EPSV) kontrako posizioa hartu zuen duela urte batzuk eta horregatik azkenengo urteetan galera hau konpentsatzeko haurreskoletako mahaian osagarri bat eskatu dugu, soldata igoeraz gain.
Haurreskolak Partzuergoak gai honekin egin duen prozedura ez zaigu batere egokia iruditzen. Izan ere nahiz eta abendura arte ekarpena ezin izan duten egin, uko egiteko epea aurreratu zezaketen, langileak lasaitasunez informatu eta erabakia hartu ahal izateko.
Hori gutxi balitz, Partzuergoaren esanetan, arazo teknikoengatik ez zituzten email pertsonaletara mezuak bidali eta honek langile batzuk informaziorik ez jasotzea edo berandu jasotzea ekarri du.
Egoera guzti honek zalantza asko sortu zituen, ezjakintasun eta gaizki ulertuak langileen artean. Egun hauetan informazioa jasotzen aritu gara eta Haurreskolak Partzuergotik jakinarazi digutenaren arabera, hurrengo hilabetetik aurrera Itzarriko ekarpenari uko egiteko aukera emango zaie langileei. Uko egiten den momentutik ekarpenak eten egingo dira, baina 2025eko ekarpena eginda geratuko da.
Bestetik, LABetik 2025eko ekarpena ukatu zutenei salbuespenez onartu ahal izateko aukera emango zaien galdetu dugu.
LABetik argi dugu informazio eta negoziazio kanalak berreskuratu behar direla horrelako arazoak ekiditeko.
Beti esaten dugu, administrazioarekin bidea ez da erraza, lana eta borroka ez dira inoiz bukatzen.
Langileen lan baldintzak hobetzea helmugarik gabeko iraupen-lasterketa bat da.
LABetik hurrengo mugarria laster lortzea espero dugu, begirada hurrengoan jartzeko. Horretarako lanean gaude, langileak zentroz-zentro entzunez eta ekarpen eraikitzaileak eginez.
Neguko atseden egun hauetan indarra hartu.
LAB Haurreskolak osatzen dugun kideok, borrokaz eta garaipenez beteriko 2026 urte berri on bat opa dizuegu, ondoan izango gaituzue.
INFO-2025-12-19


