EAEko Irakasleak: LABek deituta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ikastetxe publikoetan mobilizazioak egin dituzte irakasleek

381

Hezkuntza Sailak %80a ordezkatzen duten sindikatuekin maiatzaren 9an sinatutako akordioan jasotzen diren hainbat puntu ez direla betetzen ari salatu dute hamarnaka ikastetxetako ehunka irakaslek.

LABek, gehiengo zabala osatzen duten STEILAS, Interinok taldea eta CCOO sindikatuekin batera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako irakasleen akordio arautzailea (lan-hitzarmena) erdiestea lortu zuen maiatzaren 9an, urtarriletik apirila bitarte burututako hamaika mobilizazio eta bederatzi greba egunen ondoren. LABek adierazi duenez, sinatutako akordioaren bitartez hezkuntza publikoan urrats sendoak eman dira irakasleen hezkuntza kalitatean; izan ere, irakasleen lan baldintzak nabarmen hobetu dira eta ikasturte honetan zein datozen bi ikasturteetan zehar baliabide eta figura berriez hornituko dira ikastetxeak.

Hala ere, Hezkuntza Sailak aldebakarrez hartutako erabakiengatik, akordioan jasotako guztia ez dela aplikatu dio sindikatuak. Besteak beste, lan jarduna aurreratu ahal izateko gazteberritze neurriak ez ditu bere horretan aplikatu; ondorioz, hainbat irakaslek ezin izan dute erretiroa aurreratu.

Bestalde, etapa guztietako irakasleen eskola-orduak murriztea lortu bazen ere, hainbat ikastetxetan ez da bete. Haur eta Lehen Hezkuntzan, irakastorduak 23tik 22ra jaistea adostu zen akordioaren bidez; hala ere, ikastetxe askotan 22 ordutik gora jarraitzen dute. Era berean, Bigarren Hezkuntzan HEDATZE programarako erabiltzen diren orduak ez dira irakasleen gehieneko 17 ordu lektiboen barnean jaso; ikas-prozesuan zailtasun gehien dituzten ikasleen laguntzetarako zenbait ikastetxek parte hartzen duten programa da HEDATZE. Horrez gain, ordu murrizketek sortu beharreko lanpostuak sortzeko irizpideak aldebakarrez ezarri ditu Sailak, ikastetxeek zein sindikatuak nahikotzat jotzen ez dituztenak.

Lanbide Heziketari dagokionez, Ikasturte Hasierako Ebazpenean antolaketarako araudia aplikatzen ari da ikastetxeetan, oraindik argitaratu ez den arren. Gainera, akordioan alde sozialarekin negoziatu eta adostuko dela jasotzen bada ere, irailean LABek egindako ekarpenak ez ditu erantzun administrazioak.

Azkenik, 2025eko ekainetik langileek jaso beharreko soldataren %2a berrezartzea eskatu du sindikatuak. LABek adierazi duenez, 15 urteren ondoren soldata bertan negoziatzea eta adostea lortu arren, Hezkuntza Sailak, beste behin ere, aldebakarrez hartutako erabakiaren bitartez azaroko soldatan igoera kobratzeari utzi diote irakasleek.

Arestian aipatutako edukiak aldarrikaatzeko, besteak beste, ondorengo ikastetxeetan burutu dituzte elkarretaratzeak irakasleek:

  • Araban: Eraiken LHII, IRALE eta Mariturri HLHI (Gasteiz), Laudio BHI (Laudio), Samaniego IPI, Lantziego Ikastola HLHI (Lantziego) eta Ikasbidea Ikastola IPI (Durana).
  • Bizkaian: Gernika BHI (Gernika), Barrutialde BHI (Barrutia), Zornotza LHII eta Urritxe BHI (Zornotza), Kueto HLHI eta Saturnino de la Peña (Sestao), Barrutia HLHI (Arratzu), Kantauri  BHI (Santurtzi) eta Minas BHI (Barakaldo).
  • Gipuzkoan: Amara Berri HLHI, Ibai ikastola HLHI, Altza BHI eta IRALE (Donostia), Egape HLHI (Urnieta), Luzaro HLHI (Deba), Mogel Ikastola (Eibar), Toki Alai HLHI,Pio Baroja BHI eta , Txingudi ikastola HLHI (Irun), Cristobal Gamon HLHI eta Koldo Mitxelena BHI (Orereta), Ezkio-Itsaso HLHI (Ezkio-Itsaso), Zumaiako Herri Eskola (Zumaia), Lezo BHI (Lezo) Goizeko Izarra Ikastola (Mutriku) eta Soraluze BHI (Soraluze).

LABek mahai negoziatzaileak edukiz bete daitezen lanean jarraituko duela dio, baita mobilizatzen hitzarmenean adostutakoa osotasunean bete dadin mobilizazioak deituz ere, gaurkoan egin bezala. Zentzu horretan, LABen komunitatea osatzen duten afiliatuekin batera egingo du bidea, baita ikastetxeetan asanbladak egiten jarraituko ere. Era berean, LABek gainontzeko sindikatuei elkarlanean aritzeko deia egiten die eta jarrera irmoa har dezatela eskatzen die.

> Argazki galeria:

2025-12-18_LAB_Irakasleak_EU