EAEko Irakasleak: Desburokratizazio Batzordean LABek hausnarketa sakonagoa eta lan teknikoaz harago joatea eskatu du

164

Gaur Desburokratizazio Batzordean bildu gara, Hezkuntza Sailak egindako inkestaren erantzunak aztertu eta batzordearen hurrengo urratsak aztertzeko helburuarekin deituak izan garen mahaian.

Hezkuntza Sailetik eta Basquedatatik azaldu dute galdetegia 4605 irakaslek erantzun zutela, beraz parte-hartzea ez dela handia izan irakasle kopuru osoa begiratuz gero, nahiz eta nahikotzat jo duten.

Haien galdetegiko emaitzetatik eratorrita, gure txostenean jaso bezala, haien ondorio bat da prozesu asko ezin direla automatizatu.

LABetik salatu dugu “Desburokratizazio Prozesua” aurrera eramateko Hezkuntza Sailetik orain arte egindako proposamenean, egin beharreko bidea edo lana “teknikoa” bezala agertzen zaigula. Aurkeztu zaizkigun emaitza eta portzentaien inguruan galdetu zaigunean, guk gure afiliazioarekin egindako lanketa eta hortik sortutako txostena balioan jarri ditugu.

Aurkeztu zaigun prozesu teknikoa abiatzearekin batera, irakaskuntza etapa bakoitzaren eta hezkuntzan dagoen kolektibo bakoitzaren (zuzendaritzak, PTak, aholkulari eta orientatzaileak, ALEak…) kargaren inguruko hausnarketa beharrezkoa ikusten dugula esan dugu, eta batzorde honek fondoa ere landu beharko duela lan zamak arintzeari erantzuteko, baliabide nahikoak esleitzeaz gain.

LABetik lanean jarraituko dugu sinatutako akordioan azaltzen zen bezala, irakasleon lanaren desburokratizazioa era egokian eman dadin, kolektibo desberdinekin era adostuan eta erreminta informatiko batetatik haratago.

2025-11-24_INFO-Desburokratizazio-Mahaia