EAEko Irakasleak: LABek lanean jarraitzen du mahaiak negoziatzeko eremu eraginkorrak izan daitezen

364

Gaur ikasturteko hirugarren mahai negoziatzailean izan gara, Hezkuntza Sailak planteatutako gai orden honekin: Adinagatik 1/3 murrizteagatik konpentsatzeko irtenbidea bitartekoentzat, Ordezkoen araudiko III. Eranskinaren aldaketa, Aurreakordioaren aldaketa, eta aldez aurretik bidalitako galderei erantzuna.

LABetik adierazi dugu negoziaketa mahaiak edukiz bete eta eraginkorrak izan behar direla. Horretarako, gai ordenaz gain, dokumentazioa aldez aurretik jaso eta lanketa egiteko denbora izan behar dugu sindikatuok, 2025eko maiatzaren 9an adostutako hitzarmenean jasotzen diren epeak errespetatuz. Era berean, gai ordeneko puntu bakoitza negoziatu eta adostasunak lortu behar dira. Beraz, prozedurez gain, mahai negoziatzaileari dagokion eskumena ematea eskatu du LABek.

> Adinagatik herena konpentsatzeko irtenbidea bitartekoentzat

Adinagatiko hereneko murrizketaren ebazpena bi hilabetez atzeratu denez, Hezkuntza Sailak egindako proposamenari jardunaldi erdia lau hilabetez aplikatzea eskatu du LABek gainontzeko sindikatuekin; ahoz onartua izan da.

Ildo beretik, 65 urtetik gorako langileek irakastorduen erdia murrizteko egoten ari diren atzerapenei dagokienez, langile horiek bi hilabetez jardunaldi osoan liberatzeko aukera aztertuko du Hezkuntza Sailak.

Bestalde, 65 urte betetzeak jardunaldi murrizketa herenetik erdira igarotzean ematen ari diren atzerapenak, hiru hilabetekoak jada, salatu ditu LABek. Kasu horiek lehenbailehen konpontzeko eskatu diogu Hezkuntza Sailari.

> Ordezkoen araudiko III. eranskinean aldaketak

Maiatzean sinatutako lan hitzarmeneko 16. artikuluan titulazio berriak III. eranskinean txertatzea sindikatuekin negoziatuko dela jasotzen da, baita dokumentazioa gutxienez 15 eguneko aurrerapenarekin bidaliko dela. Hala ere, aurrez adierazi bezala, dokumentazioa mahai negoziatzailearen aurreko egunean bidali zitzaigula salatu dugu LABetik, eta horrenbestez, lanketa sakona egiteko aukerarik ez dugula izan.

III. eranskinean egingo dituen aldaketei dagokienez, Hezkuntza Sailak adierazi du zerrendetan sartzea ahalbidetzeko gradu batek ikasgai baten 24 kreditu baino gehiago izan behar dituela.

> Aurreakordioaren aldaketa

Adostasunak lortu ahal izateko metodologia aldatzea eskatu duLABek hainbat sindikaturekin batera; sindikatu guztien ekarpenak partekatu eta denon artean adostasunetara heltzea litzake modu egokia. Hezkuntza Sailak, sinatzaileok eskatuta, metodologia aldatzea onartu du, baita beste mahai batean hitzarmenaren zuzenketak berrikustea ere. Bestalde, hutsen zuzenketei dagokienez, azalpenak eskatu ditugu Sailetik egindako azken aldaketen inguruan.

> Bestelako gaiak

  • Soldataren igoera: Hezkuntza Sailak adierazi du azaroan (eta agian abenduan) ezingo dutela hitzarmenean jasota dagoen %2ko soldata igoera aplikatu, berau Gobernu Kontseilutik pasatu arte. Hala ere, aurrerago soldata igoera atzeraeraginez jasoko dugula adierazi du Sailak.
  • Birbaremazioa: ostiral honetan edo astelehenean argitaratuko dute.
  • Lekualdatze-lehiaketa: deialdia abenduaren bigarren hamabostaldirako argitaratuko dute.
  • Berratxikipen prozesua: azaroaren azkenengo astean argitaratuko dute.
  • Maisu-maistren kidegoko oposaketak: ez dira 25-26 ikasturtean egitea aurreikusten. Heziketa Berezia eta Laguntza Zerbitzuetako oposaketak, aldiz, egitea aurreikusten dute. Birjartze-tasa bertan behera geratzekotan, aukera dago oposaketak deitzean aurreikusitakoa baino plaza gehiagoko eskaintza egotea.
  • Norberaren eginkizunak emateko irizpidea argitzea eskatu zaio Hezkuntza Sailari.
  • Hezkuntza Sailak adierazi du jada akordioan jasotako lizentzia eta baimenak indarrean daudela.
  • Ikasturte Hasierako Ebazpenak (Haur, Lehen Hezkuntza eta Bigarren Hezkuntza) aldatu dituzte web-orrian, jardunaldi murriztuetako irakastorduak guk proposatu bezala ezarriz.

Azkenik, gaur desburokratizazio mahaiari begirako galdetegia betetzeko epea amaituko da. Zentzu horretan, LABek langileekin batera egindako txostena aurkeztu zion Hezkuntza Sailari irakasleoi eragiten dizkigun burokrazia lanak murrizteko eskaerak zeintzuk diren zehaztuz.

Beraz, LABek lanean jarraituko du langileekin batera. Horretarako, gure komunitatea osatzen duten afiliatuekin azaroaren 3tik 14ra bitarte egindako foroez gain, ikastetxeetan ere asanbladak egiten jarraituko du.

INFO-2025-11-19-Irakasleak