LAB, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuek elkarretaratze bat burutuko dute egun horretan 2024ko otsailean sinatutakoa bete dadin aldarrikatzeko, urriaren 21ean auzitara jo ondoren
Hamalau greba egun eta mobilizazioen ondorioz, Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu zuten Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako mahai negoziatzailean ordezkaritza daukaten sindikatu guztiek eta patronalek. 2024ko otsailaren 5ean izan zen. Akordioa indarrean dago eta langileek akordioa bete dute. Horrela, greba bertan behera utzi zuten sinatu zen egunetik.
Akordioa sinatu eta ia bi urte beranduago ere, patronalek eta ikastetxeek ez dituzte akordioko edukiak bete. Sindikatuen ekimenez 18 negoziazio mahai egin diren arren, Greba Amaierako Akordioan sinatutakoa berriz negoziatzeko saiakeran dabiltza patronalak, eta oztopoak jartzen ari dira bertako edukiak adostutako baldintzetan hitzarmenean txertatzeko. Patronalak, beste behin ere, fede txarrez jokatzen ari dira, GAAn sinatutako hainbat eduki behin eta berriz urratzen baitituzte.
Soldaten kasuan: 2025eko urtarriletik aurrera ez diete % 16ko soldata-igoerari eutsi DBH, Batxilergoa eta Lanbidea Heziketako langileei, nahiz eta akordioak horrela behartzen dituen eta, % 15,43ra murriztu diete. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuek ez-betetze hau ere salatu zuten.
Egun ez dira aplikatzen ari, (ikastetxe gutxi batzuetan salbu), GAAn adostutako 2025eko irailaren 1etik aurrera eskola-ordu bateko murrizketa, ikastetxe askotan lanpostuak sortzea eta beste batzuetan kaleratzeak saihestea ekarriko lukeena.
Hori horrela, STEILAS, CCOO irakaskuntza, LAB eta UGT sindikatuek auzibideari ekin zioten. Gatazka kolektiboko demanda bat aurkeztu zuten urriaren 21ean EAEko Justizia Auzitegi Nagusian, patronalei eta ikastetxeei erreklamatzeko GAA bete dezatela eta etapa guztietan eskola-ordu bat murriztu dezatela eta lan pertsonalerako ordu osagarri bat gehitu dezatela. Irailaren 25ean adiskidetze ekitaldia izan zen, baina patronalek uko egin zioten eskola-ordu bat murrizteari eta irakasleen lan propiorako lanordu gehigarria bihurtzeari. Azaroaren 6an, urtarrilaren 20rako epaiketa-dataren jakinarazpena jaso zuten sindikatuek.
Beraz, Urtarrilaren 20an langile guztiei dei egiten diete elkarretaratzean parte hartzera EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren aurrean, 2024ko otsailean sinatutako akordioko eduki hau ere bete dadin aldarrikatzeko.
ESKOLA-ORDU MURRIZKETA ORAIN!
SINATUTAKO AKORDIOA BETE!
ATZERAPAUSORIK EZ!
BERRIAK Gizarte Ekimeneko ikastetxeak: ikastorduaren murrizketa ez aplikatzeagatiko epaiketa urtarrilaren 20an izango da


