EAEko zerbitzuetako langileak: LABetik Hezkuntza Sailari eskatzen diogu aitzakiak alde batera utzi eta EAEko zerbitzuetako langileen kolektiboan hitzartutakoa betetzeko

158

Ikasturte hasieratik, Hezkuntza publikoko beste azpisektoreetan bezala, ugariak izan dira Hezkuntza Sailak eta Sindikatuok hitzartutakoaren gainean egin dituen ez betetzeak.

Alde batetik, salatu nahi dugu, 2023ko akordiotik eratorritako lanpostuak sortzeko dekretua aprobetxatuz, lanpostuen zerrendako bi lanpostu amortizatu eta hirugarren bat erabili dutela berri bat sortzeko. Honek Lan Hitzarmenean jasotakoa urratzen duela argi dugu LABetik:

“12.6 artikulua: urtero erregularizazio hauek aplikatuko dira. Nolanahi ere, hitzarmen hau indarrean jartzen den unean aurrekontuan dagoen langileen ordutegi-kredituari eustea bermatzen da.”

Gogoratu nahi dugu 2023ko akordioaren afera judizializatu eta bi adiskidetze saioren ondoren ez garela adostasunera iritsi. Hori dela eta, aipatutako dekretua errekurritu dugu, bide judizialarekin aurrera eginez.

Bestetik, aurreko ikasturteko greba eta borroka zikloen ondoren ordezkaritza dugun sindikatu guztiak sinatutako Lan Hitzarmenean jasotzen dena betetzeko atzerapenetan dabil Saila. Sukaldeetan ratioak kalkulatzeko 7 orduko koefizientea eta garbiketako metro jaitsiera ez dira aplikatzen ari. Azken hauei dagokionez, gainera, urriaren 10ean zentroetara metroen azterketa egiteko urtarrilera arteko gabealdia eskatuz idatzia bidali zuten.

Lan Hitzarmena oraindik ez dela sinatu (aurreakordioa eta zuzenketak sinatu dira) aitzakitzat erabiltzen dute, nahiz eta irailaren 1etik indarrean egongo zela sinatua egon.

Hori gutxi balitz aditzera ematen dute haien borondatearengatik soilik betetzen ari direla hitzartutakoen artean betetzen ari dena. LABetik hainbat eta hainbat erreklamazio aurkeztu baditugu ere, Hezkuntza Sailak ezikusiarena egin edo aitzakiak edo bestelako interpretazioak erabiltzen ditu adostutakoa sistematikoki hausteko. Gainera Lan hitzarmenaren berme klausula sinatzeko dago eta hitzarmenaren garapena izoztuta.

LABek jarrera hau oso larritzat jotzen du eta beti bezala langileak eta hezkuntza komunitatea da guzti honetan galtzaile.

Hori guztiagatik, irmoki exijitzen diogu Hezkuntza Sailari, adostutakoa bere osotasunean bete dezan. Hurrengo egunetan, langileen bilerak burutuko ditugu eta hauetan parte hartzera animatzen zaituztegu, indarrak batu eta hurrengo urratsak zeintzuk izango diren zehazteko. herrialdeetan burutuko diren asanbladetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu.

Zerbitzuetako langileekin hitzartutakoa bete!
Baliabide pertsonaletan inbertitu!

INFO-2025-10-30_Zerbitzuetako-langileak