Urriaren 15erako Palestinarekin elkartasunez deitua dagoen lanuzte orokorra egun osokoa izango da Hego Euskal Herriko hezkuntza sistema osoan, LABen eta STEILASen ekimenez. Egun horretarako Hego Euskal Herrian lanuzte orokorrerako deialdia egin zuten LAB, CCOO, UGT , ESK, STEILAS, CGT, Etxalde eta HIRU sindikatuek, eta, hezkuntzan dauden mobilizazio dinamikek duten arrakasta kontuan hartuta, lanuzte hori egun osokoa bihurtzea erabaki dute LABek eta STEILASek.
Haur eskoletatik unibertsitateraino heltzen den eta hezkuntzan aritzen diren kolektibo guztiak barnebiltzen dituen deialdi honek lanuzte orokorra indartuko duela uste dute sindikatuok. Lantokietan mobilizatzera, pikete informatiboak egitera eta 12:30ean Bilbo, Gasteiz, Donostia eta Iruñeko kaleak beteteko deia egin diete langileei.
Hasiera-hasieratik Israelek Palestinako Herriaren aurka egindako eraso basatia salatu du hezkuntza komunitateak, eta horren aurrean hainbatetan mobilizatu da. Gaur egun gertatzen ari dena genozidio bat dela ez du inork zalantzan jartzen, Israelgo Estatuak berak edo hura sostengatzen duten gobernu eta interes ekonomikoek salbu.
Aldarrikapenak:
- Langile klase osoaren elkartasuna adieraztea Palestinako herriari.
- Israel, AEBetako Gobernuaren babesarekin, Palestinako herriaren aurka egiten ari den genozidioa eta gizateriaren aurkako krimenak salatzea.
- Palestinako Zisjordania lurraldearen etengabeko kolonizazioa, eta horrek Palestinako langile klasearen lan- eta bizi-baldintzetan dituen ondorio larriak salatzea.
- Gazan genozidioararen berehalako amaiera ematea eta Palestinaren okupazio nahiz kolonizazioari amaiera emango dion irtenbide integrala aldarrikatzea, palestinar herriak askatasunean bizitzeko duen eskubidea bermatuz.
- Hezkuntzako langileak garen heinean, hildako adin txikikoen basakeria salatzea.
- Patronalari eta bai bertako nahiz nazioarteko instituzioei Israelgo Estatuarekin merkataritza-harreman oro bertan behera utz dezatela exijitzea. Ez da onargarria genozidio baten kontura negozioak egiten jarraitzea.
- Europar Batasunaren eta Israelgo Estatuaren arteko Elkartze Hitzarmena bere osotasunean eten dezaten eskatzea.
Genozidioarekin negoziorik ez! Hezkuntzako langileok Palestinarekin!
URRIAK-15_EUS2025-10-07_Prentsa-oharra_LAB-STEILAS_EUS-2


