Jadanik urtebete egin dugu Covid pandemiaren eraginpean. Ikasturte oso bat halako egoera latzari aurre egiteko nahikoa izan da gure hezkuntza sistemak dituen arazoak berresteko. Jakin badakigu egoera konplexua eta aldakorraren aurrean gaudela eta esfortzu kolektibo handia egin behar izan dela berdintasunean eta kalitatean oinarritutako eskolak eman ahal izateko. Aldi berean, Hezkuntza Departamentuak gure sistema XXI. mendera begira jartzeko aukera paregabea galdu duela iruditzen zaigu, egoera larriek erabaki ausartak eta funtzionatzen ez duena errotik aldatzeko ekimenak gauzatzea galdatzen baitu. Eta ez da hori izan Nafarroako Hezkuntzan gertatu dena.
Segurtasunaren izenean, ikastetxe batek beharrezko dituen gutxieneko elkarbizitza eta pedagogia mekanismoak zeharo alboratuta geratu dira. Iazko ekainean gogor kritikatu genuen ikasturte honetako funtzionamendua erabat baldintzatu duen kontingentzia protokoloaren edukia, ez segurtasuna beharrezkoa dela sinisten ez dugulako, segurtasun hori bermatzeko ardura nagusia tokian tokiko eskolen bizkarrean utzi zelako, askotan horretarako beharrezkoak ziren baliabidez hornitu gabe eta, jakina, edozein ikasgelatan beharrezkoa den funts pedagogikoa arras bazterrean utzita.
Ekainetik gauzak aldatu dira, gela barruan edo kanpoaldean kutsatze aukerak oso desberdinak direla ikasi dugu, orduan hartutako hainbat neurri ez dela beharrezkoak eta horrek ikasketa prozesuan eragin kaltegarria duela egiaztatu dugu eta beharrezkoak diren beste neurri batzuk ez direla hartu agerian geratu da, baina Hezkuntza Departamentua hortxe dago, geldirik, guztiz aldakorra den egoerari zaharkitua geratu den protokoloa erabiliaz tresna nagusi gisa, Biblia izango bezala.
Kontingentzia protokoloaren adibide horrek oso modu fidelean irudikatzen du Hezkuntza Departamentuaren immobilismoa, egoera aldakorrei malgutasunez erantzuteko ezina, sakoneko aldaketen lidergoa hartzeko ikara. Pandemia honek agerian utzi ditu gure hezkuntza sistemak hobetu behar dituen arloak eta horiek ez dira soilik ordenagailu gehiago erosiaz konpontzen, sakoneko eraldaketa behar dugu, batez ere haurrek adinean aurrera egin ahala dituzten behar pedagogikoak asetzeko. Horrez gain, eskolak zein langileak baliabidez hornitu behar dira egitasmo horiek guztiak bermez bete daitezen.
Formazioan argi-ilunak
Egoerari aurre egiteko langileriari patxada eta laguntza emango liokeen baliabide eza horren konpentsazio nagusia formazioa izan da. Egun dugun egoeran, formazio eredu berria jarri da abian, baina ez da kontuan izan horrek mesede baino kalte handiagoa eragin duela. Esate baterako:
• Irakasleriaren lan gainkarga.
• Jasotzen den formazioa ondoren ikasgeletan praktikan jartzeko mugek beren horretan darraite.
• Irakasleria guztiari formazio bera eman zaio, bakoitzak dituen behar eta ezaugarriei erreparatu gabe.
• Formazioa eskolekin lotzea eta ez irakasleriarekin. Egun dagoen egonkortasun ezaren ondorioz, horrek honako arriskua dakarrelarik: langile batzuek formazio bera bikoiztuta jasotzea edota inoiz ez jasotzea, dagoen ikastetxearen arabera.
Atal honetan aurrerapausu batzuk sumatu ditugu azken aldian, baina oraindik bidearen hasieran gara. Egun, Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean ari gara formazio sistemari sakoneko astindua emateko. Hitz politetatik taxuzko aldaketetara salto egitea izango da gure ahalegin nagusia eta arestian aipatu ditugun gabeziak kontuan hartzea. Duela hiru urte aurkeztu genuen Qualitate egitasmoan bilduta daude formazioari buruz ditugun proposamenak (https://labur.eus/Ixu7r).
Ituna
Sindikatuekin adostutako Hezkuntza Ituna betetzeko jarritako oztopoak Hezkuntza Departamentuaren immobilismoaren beste adibideetako bat da, berriro ere agerian utziaz langileriaren lan baldintzak bermatzeko dagoen interes eskasa. Hezkuntza Ituna borrokarako funtsezko tresna eta gure lan baldintzak hobetzeko lan tresna paregabea dela deritzogu. Horren adostasun maila handia lortzeko eginiko esfortzuak ezin dira zerri askara bota, baina momentuz ituna bete ahal izateko beharrezkoak diren arau aldaketa eta moldaketa guztiak geldirik daude edo oso mantso doaz, eta ez dago bermaturik itunaren epea bukatu aurretik beteko direnik.
PAI
Sakoneko aldaketa ekarriko duen eraberritze prozesu ezaren beste adibidea da Hezkuntza Departamentua PAI programaren auziarekin hartzen ari den posizioa. Gero eta nabarmenagoa da UPNk abian jarri zuen egitasmo horrek ez diola erantzuten jendarteak hizkuntzetan murgiltzeko duen beharrari eta bata bestearen atzetik txaplatak jartzen ari direla bere biziraupen zentzugabea luzatzeko. Horri gehitu behar zaio gero eta nabariagoak diren gabezia pedagogikoak eta langileriaren lan baldintzen okertzea eta ikastetxeei eredu horretatik ateratzeko jarritako trabak (gogoan izan Castejongo kasua). Ulergaitza egiten zaizkigu antzua izaten ari den PAI programa biziraun arazteko ahaleginak. Programa hau alde batera uztea eta Nafarroako bi hizkuntzetan oinarritutako eleaniztasun murgiltze ereduan lan egitea proposatzen dugu, beti ere kontuan hartuta gutxitua dagoen hizkuntzari, gurean euskarari, merezi duen arnasgunea ematea lehentasun izan behar duela.
Euskara
Egun dugun sistemak agerian utzi duen beste gabezietako bat halako egoera larrietan zaurgarrien diren sektoreen egoerak okerrera egin duela da eta euskararen auzia ez da horretan salbuespena izan. Euskararen erabilera eta ikasleria euskalduntzeko ahaleginek oztopo handiak izan dituzte azken hilabeteotan eta horren aurrean Hezkuntza Departamentuak izan duen interes falta oso argigarria izan da. Hizkuntzen aferan hartutako erabaki garrantzitsu bakoitza euskararen indartze prozesuan atzerapausua izaten ari da. Gogoan izan, besteak beste, Mendigorriako gurasoak euren seme-alabek herrian Lehen Hezkuntza euskaraz egin ahal izateko izaten ari diren oztopo guztiak, baita nafar Gobernuko erakunde den Euskarabideak D ereduan matrikulatzeko urtero egin izan duen kanpainari uko egin izana ere. Lanbide Heziketan ingelesezko zikloak sortzeko iragarpena beste adibide bat da. Gure aburuz, mesede eskasa egiten zaio ingelesari, asmo hori gauzatzeko irakasleria egokiaren ezean PAIrekin egin diren aldrebeskeriak errepikatuko direla iruditzen baitzaigu. Aldiz, Lanbide Heziketa euskaraz egiteko dagoen eskariari muzin egingo zaio, enegarrenez. Gainera, beste hizkuntzetan ez bezala, bide korapilatsua egin behar da euskarazko ziklo bat jartzeko.