Euskal Eskola Publiko Komunitarioaren bidean Euskal Curriculumean eragin

673

LABek Euskal Curriculumean aurrerapausuak eman daitezen eskatu du, Euskal Herrian orokorrean hezkuntzaren eskumen esklusiboak izan bitarte, eta zehazki curriculumaren gainekoak, Euskal Herriko ondare linguistiko, kultural, historikoa eta soziala aitortu eta oinarri duen curriculuma euskal herritarron eskubidea izan behar baita.

LABek salatzen du Unibertsitatean Sartzeko Frogaren baitan Historiakoa kontrako norabidean doala.

Irailaren 27ko bezperetan, Txiki eta Otaegiren fusilamenduen 50.urteurrenaren egunaren ateetan, Leioako EHUko kanpusean, Bigarren Hezkuntzan aritzen diren historiako irakasleak deituak izan dira Unibertsitaterako sarbidean Hego Euskal Herriko ikasleek derrigorrez egin behar duten azterketaren ereduan zein gaitegian gauzatu nahi diren aldaketez informazioa jasotzeko, estatu espainiarretik ezarritako curriculumean eta frankismoak ondo loturiko 78az geroko erregimenean sakontzen duena.

Aldaketa hauek langileekin adostu gabeak izateaz gain, gaitegia ikasturtea hasi ondorenean aurkeztua izan da, horrek irakasleen ikasturteko plangintzan suposatzen duen guztiarekin.

Horretaz gain, espainiar estatuko historian eta garaileak izan zirenen errelatoan sakontzen duen eredua dela salatzen dugu LABetik. Era honetara, uko egin zaio gure herriko ikastetxeetan Euskal Herriko ondare historiko eta kulturalaren transmisioan urratsak emateari, beste behin ere. Orain bi urte, EAJk eta PSErekin sinatutako Hezkuntza legearen bide egin zen bezalaxe; izan ere, Euskal Curriculuma osatu eta ezartzeko neurri gehiago hartu zitezkeen.

LABek Hezkuntza Legearen testuinguruan mobilizazio zein grebak bultzatu zituen lan baldintzak langileekin adosteko, hezkuntza-sistemak behar dituen eraldaketak gauzatzeko edota burujabetzan sakontzeko.

Izan ere, LABek Euskal Eskola Publiko Komunitarioa defendatzen du, burujabea izango den eta sare publiko bakar, berri eta deszentralizatuan antolatuko den hezkuntza eredu propioa sortzea: unibertsala eta doakoa; euskararen murgiltze eta mantentze ereduan oinarritutakoa; Euskal Curriculumean oinarrituko dena; inklusibitatea oinarri izango duena; laikoa; pedagogia feminista bultzatuko duena eta ikastetxeen autonomia eta hezkuntza komunitatearen parte hartzea sustatuko duena.

Zentzu horretan, ditugun eskumenak baliatuta adituekin eta eragileekin elkarlanean Euskal Curriculuma garatzeko borroka egingo du LABek. Euskal Herriko ondare linguistiko, kultural eta soziala aintzat hartuko duena. Era berean, Euskal Curriculuma eguneratzeko saiakeran eragile aktibo eta bultzatzaile izango da LAB.

Euskal-Curriculumean-eragin