LAB Sindikatuak Haurreskolak Partzuergoko ikasturte hasieraren irakurketa gozoa baino gaziagoa egiten du eta beste behin. Alde batetik, irailaren 4an gida argitaratu zen hainbat akatsekin alde sozialarekin ez kontrastatzeagatik. Bestetik langileak eta alde soziala abisatu gabe hilaren 15ean bertan Hezisarearen gidan egin zituen aldaketak.
Hezisarea plataforma
Urteetako borroka eta konpromezu sindikalari esker 2025eko otsailean LABek eta Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritza batzordeak sinatutako Lan Hitzarmenean jaso bezala, Hezisarea plataforma eta ordezkoen araudi berria errealitate bihurtu dugu eta irailaren 15ean burutu zen lehenengo esleipen telematikoa.
Hala eta guztiz ere, LABetik salatzen dugu Hezisarearen inguruko gida, esate baterako, ez dela alde sozialarekin partekatu, eta ekarpenak eta zuzenketak egiteko aukerarik ez dugula izan. Behin gida argitaratuta, zeuden akatsak hauteman eta zuzenketak eskatu behar izan dizkiogu, guzti honek dakarren anabasarekin eta langileengan sor dezakeen ziurgabetasunarekin.
Atzo, hilak 15, lehen esleipen telematikoa egiteko atarian geundela, azken momentuan eta alde soziala eta langileak jakinaren gainean jarri gabe, Hezisarearen gida berria argitaratu zuten eta hainbat gauza aldatu zituzten (prozesuaren ordutegia…).
Hau oso larritzat jotzen dugu LABetik eta honen berri izan genuenean nahitaezko esleipenak (nahitaezkoak) egongo balira, hauek bertan behera uzteko eta hurrengo egunean telefonozko deien bitartez esleitzeko eskaera helarazi genuen, beti ere Haurreskolen horniketa bermatuta dagoela ziurtatuz. Haurreskolak Partzuergoari inprobisazioa alde batera uztea eta langileei zor dien begirunea izan dezan eskatzen diogu. Hitzarmenaren sinatzailea den LAB Sindikatuari parekidean eta ostean gainontzekoei mahai negoziatzailean proposatu behar dizkigute aldaketak, negoziatu eta adostu behar baitira.
Lan hitzarmen berria eta plantilak esleitzeko irizpideak
2025eko otsailean sinatutako Lan Hitzarmenean jasotzen den berme klausula kontuan izanik, Heziketa Bereziko kolektiboan jada jaso diren irakasleen akordiotik eratorritako lizentzia eta baimenen hobekuntzak lehenbailehen gauzatu daitezen lanean dihardugu.
Kudeaketa alorreko langileen kasuan gainera, berme klausulari jarraituz administrazio orokorreko lanaldiaren, ordutegiaren,…, inguruko akordioak aplikatuko dira. LAB sindikatuak Administrazio Orokorreko Mahai Sektorialean sinatutako telelanaren eta lan ez-presentzialaren akordioak, ate berri bat irekitzen du, kolektibo honetan ere aplikagarria izango delako.
Bestetik, Lan Hitzarmenarekin batera sinatutako plantilak esletitzeko irizpideen negoziazioa berrabiaraztea exijitzen dugu, Haurreskoletan zenbat baliabide pertsonalak eta zelan esleitzen diren adostu behar baititugu. Hauek adostu bitartean zentroz zentroko azterketa egin dezan eskatu diogu, Haurreskolak Partzuergoari Lan Hitzarmen berrian zehaztutako ratioak eta hezitzaileen lanaldia (lanaldia, prestakuntza denbora eta koordinatzailearen dedikazioa) bermatuta egon daitezen behar besteko kontratazioa egitea.
Era berean, kudeaketa alorreko langileen barne sustapenak egiteko araudia, ordezkoen araudia eta ordezkatzeko kasuistiken negoziazioa abian jartzea exijitzen diogu.
Bestalde, Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeak, Haurreskolak Partzuergoko 2025eko Enplegu Publikoaren Eskaintza egin du kudeaketa alorreko Arduradun Pedagogikoa eta Arkitekto Teknikoaren lanpostuen eskaintzak eginez.
Haur Hezitzaileen eskaintza egin baino lehen datuak kontrastatzeko eskatu dugu, hitzarmenean jaso bezala hurrengo LEP ereduak negoziatu eta behin behinekotasun tasa gehienez %5ean geratu behar baita.
LABetik jarraipen zorrotza egingo diogu adostu eta sinatutakoari, guztia bete dadin.
INFO-2025-09-17-1


