LABetik gogor salatu nahi dugu administrazioaren utzikeriagatik, Lanpostuen zerrenda handitzeko prozedura aplikatzeagatik sortu beharreko 63 lanpostu berriak ez daudela txertatuta eta Lan Hitzarmen berrian jasotzen diren ratio eta lan baldintzak betetzen direla ziurtatzeko behar diren baliabideen azterketa, ez dela egin.
Ikasturte hasierako egoera
LABetik gogor salatu nahi dugu STEILAS batera 2024ko apirilean sinatu genuen ekoizpenagatiko kontratuen luzapena eta Lanpostuen zerrenda handitzeko prozedura aplikatzeagatik sortu behar diren 63 lanpostu berriak, administrazioaren utzikeriagatik ez direla oraindik LPZn txertatu. Honek eragin zuzena izan du alde batetik, LABek hitzarmen berrian sinatu bezala , urtero burutu behar den Hezitzaile finkoen lekualdatze prozesuan eta bestetik, ikasturte hasierako esleipenean, lanpostuen eskaintza murritzagoa izan delako bi prozesuetan.
Egoera ikusita bide judiziala abiatu genuen eta irailaren 8an izango dugu kontziliazio saioa.
Esleipenen kasuan gainera, salatu nahi dugu Haurreskolak Partzuergoak alde soziala abisatu gabe eta eskaintza aztertu eta zuzenketak eta ekarpenak egiteko aukerarik eman gabe, esleipenen deialdia argitaratu zuela.
Hau gutxi balitz, Haurreskolak Partzuergoak, plantillak esleitzeko irizpideak adostu bitartean, tokian tokiko beharrak aztertu eta otsailaren 10ean sinatutako Lan Hitzarmen berrian jasotzen diren ratio eta langileen baldintzak (lanaldia, prestakuntza eta koordinazioa) bermatzeko behar den kontratazio gehigarria egiteko zentroen azterketa ez du oraindik egin. LABen lanean jarraitzen dugu eta Haurreskolak Partzuergoko arduradunei arduraz jokatzeko exijitzen diegu eta lehenbailehen, ikasturtea normaltasunez hasteko Haurreskolak hornitzeko. Lan Hitzarmenean jasotzen dena bete behar da, bestela bide judizialari eta mobilizazioei ekingo diegu.
Guzti honi irtenbidea emateko, gaur bertan, beste behin ere, urgentziaz Mahai Negoziatzailea deitzea eskatu dugu. Bitartean Haurreskoletako koordinatzaileei eskatzen diegu haien zentroaren beharren azterketa egin dezaten eta Lan Hitzarmenean jasotzen dena betetzeko behar dituzten baliabideak erreklamatu ditzaten Haurreskolak Partzuergoan.
Ordezkapen telematikoak: Hezisarea
Ordezkoen araudi berriarekin batera kontratazioa telematikoki banatzeko Hezisarera sarbidea eta erabilera gida hurrengo egunetan zabalduko dutela esan digute. Egun batzuetan hautagaiek haien datu pertsonalak (helbidea, telefono zenbakia…) eguneratzeko aukera izango dute.
Lehenengo aukeraketa irailaren 15ean egitea aurreikusita dago eta aurreko ostiralean, irailaren 12an, zonaldeak eta jardunak aldatzeko epea irekiko dela jakinarazi digute (data hauek behin behinekoak dira eta Haurreskolak Partzuergoak zehaztuko ditu).
Gogoratu Hitzarmenean sinatu genuen ordezkoen araudi berria Hezisarearekin batera indarrean sartuko dela, bitartean indarrean dagoen araudia mantenduko da. INFOaren hasieran dagoen loturan dituzue biak, indarrean dagoen hitzarmenarekin batera.
Informazio gehiago izan ahala jakinaraziko dugu.
Animo eta aurrera!
INFO-1_2025-08-28


