Heziketa Berezia EAE: Lan hitzarmena sinatu dugu eta indarrean sartu da

682

2024ko abenduaren 19an, Hezkuntza Saila eta sindikatuok (LAB, STEILAS eta UGT) Eusko Jaurlaritzako hezkuntza saileko lan-legepeko irakasle eta hezitzaileentzako II. hitzarmen kolektiboaren aurreakordioa sinatu genuen.

Gaur, uztailak 29, hitzarmenaren azken sinadura egin dugu eta ondorioz, lan hitzarmena indarrean sartuko da bihartik aurrera, EHAAn argitaratuko delarik.

LABetik lanean jarraitu dugu aurreakordioa sinatu genuenetik, lan hitzarmen horren barruan jasotakoa garatzeko. Urtarriletik hona, izan ditugun mahai negoziatzaileetan gai desberdinak landu ditugu, besteak beste, ordezkoen araudia eta baliabideak esleitzeko irizpideak. Behin eta berriz adierazi dugun moduan, ez da erreza izan Administrazioarekin lanean aritzea, esku hutsik etorri direlako askotan, baina gure ekarpenei esker lana aurrera atera da eta horren emaitza hitzarmenean barnebildu den ekainak 25ean sinatutako ordezkoen araudia da.

Berme klausulan jasotakoari jarraituz, Hitzarmen honetan jasotzen diren aurrerakinei, nomina-aurrerapenei, bizi-aseguruari, istripuei, erantzukizun zibilari, joan-etorrien balioei eta lizentzia eta baimenei buruzko klausulak hobetu egingo dira unibertsitateaz kanpoko irakasle funtzionarioentzako akordio arautzailean ezartzen diren baldintzen arabera. Beraz, lizentzia eta baimenen kapituluan hobekuntza batzuk jaso dira.

Gauzak horrela, hurrengo ikasturtean erronka handiak gelditzen zaizkigu borrokatzeko, hala nola lanaldi erdiko plazak lanaldi osoko plaza bihurtzeko plana negoziatu behar da, plantilak esleitzeko irizpideak negoziatu eta adostu behar dira, funtzioak, ratioak eta intentsitateak aztertuz eta prestakuntza-programak indartuz.

Azken gai honen negoziazioak ez du momentuz fruiturik eman, eta erakutsitako jarrera mantentzen badu Sailak, ekintza sindikala aktibatu beharko dugu.

20 urteren ondoren lortu dugun hitzarmenaren jarraipena egingo dugu berau garatzen eta betetzen dela ziurtatuz, baita hurrengo lan hitzarmeneko hobekuntzen alde lan egiten ere.

Animo eta aurrera!

INFO-2025-07-29