EAJ-PSEren udal gobernuak Hijas de la Cruz ixtearen aurkako mozioa zuzendu eta desitxuratu du alternatibarik eskaini gabe

572

Bilboko Udalean EAJk eta PSEk Hijas de la Cruz-eko hezkuntza-komunitateak aurkeztutako mozioari egindako zuzenketak edukiz husten du mozioaren helburua, eta ez die inongo erantzunik ematen familien eta langileen eskaerei: enplegua babestea, hezkuntza- proiektuari jarraipena ematea eta Zazpi Kaleak eta Solokoetxe auzoak plaza publiko gehiagoz hornitzea.


Bilboko Hijas de la Cruz ikastetxearen kudeatzaileek abuztuan itxiko dela iragari ostean, eskolako hezkuntza komunitatea itxieraren aurka egiten ari den iniziatiben artean, mozio bat aurkeztu zuen martxoaren hasieran Bilboko Udalean, familiei, langileei eta Alde Zaharra eta Solokoetxe auzoetako beharrei konponbide osoa emateko benetako aukera bat bilatzeko asmoz. Mozioa hilaren 25eko Osoko Bilkuran eztabaidatuko da.
Udal gobernua osatzen duten EAJk eta PSEk Hezkuntza Komunitatearen proposamena zuzendu dute, euren aldarrikapenei jaramonik egin gabe eta Hijas de la Cruzeko familia, langile eta Alde Zaharreko eta Solokoetxeko auzoei inolako alternatibarik eman gabe. Zuzenketak itxieraren eraginagatik ikerketa bat egitea proposatzen du, eta ikasle guztien eskolatzea bermatzea jasotzen du.
Enpresa Batzordetik EAJren eta PSEren jarrera kritikatu nahi dugu; izan ere, zentroa ixtea onartzen dute, familien eskaerei jaramonik egin gabe, enplegua suntsitzea ontzat emanez, eta Alde Zaharra eta Solokoetxe auzoetan beharrezkoak diren 300 eskola plaza baino gehiago gabe utziz, Atxuri eta Solokoetxeko eskolen arazoa zein den jakinda.
Hori dela eta, Hijas de la Cruz ikastetxeko langileok greba egun bat egingo dugu datorren martxoaren 25ean, lanpostuen defentsan eta ikastetxea ixtearen aurka. Gainera, egun berean, Hijas de la Cruzeko hezkuntza komunitateak manifestazioa egingo du, goizeko 11:30ean, San Anton elizatik Bilboko Udaletxeraino. Era berean, 12:30etik aurrera Udaletxeko Tingladoetan hainbat jarduera antolatuko dira (irakurketa errazeko tailerra, munduko dantzak, murala) udaletxean mozioa bozkatu arte.
Bilboko Hijas de la Cruz itunpeko ikastetxeko arduradunek urtarrilean iragarri zutenez, 2021eko abuztuaren 31n zentroa itxiko dute 162 urteko jardueraren ondoren, 204 familia eta 41 langile kalean utziz. Azken 10 urteetan matrikulazioak behera egin duela eta bi hezkuntza-kontzertu galdu dituztela argudiatu zuten.