Irakasleak EAE: Hezkuntza Sailak ez dauka irakasleon lan baldintzak hobetuko dituen akordio arautzailea negoziatzeko benetako borondaterik

172

Atzo, abenduak 9, bigarren mahai sektoriala izan genuen Lakuan. Ikasturteko lehenengo mahaian, urriaren 24an, Hezkuntza Sailak akordio arautzailea negoziatzeko modua akordio partzialen bitartez izango zela esan zigun, baina guk ezezko borobila eman genion proposamenari. Ondorioz, Akordio araultzaile berri baterako edukiak gaika negoziatuko genituela adostu genuen, eta gai bakoitzean adostasuna egon ezean ez litzaioke hurrengoari helduko. Bada gaurko mahaira gai horietako bi ekarri dituzte: gazteberritzea eta ordainsariak.

GAZTEBERRITZE PLANA

Hezkuntza Sailak aurkeztutako proposamenean gabeziak ikusi ditugu eta ez ditugu nahikotzat jotzen. Izan ere, LABentzat lehentasuna duen gaia da honakoa eta, gaur gaurkoz, administrazioak ez dio gaiari dagokion garrantziarekin heltzen. Beraz, jasotako proposamen horri ekarpenak egin dizkiogu. Hala ere, oso urrun gaude beraiek proposatutakoarekin, eta ondorioz, langileekin batera landutako aldarrikapen taula defendatzen jarraituko dugu. Gure helburua langileak ahalik eta azkarren eta modurik duinenean erretiratzeko aukera izatea da. Horregatik, zerbitzu publikoetako langile ororen erretiro txanda lortu bitartean, jardunaldi murrizketak erretirora arte zabaltzea eta hauek metatzeko aukera izatea eskatu du LABek.

ORDAINSARIAK

Guk geure aldarrikapenei heldu diegu, eta “lan berdina, soldata berdina” eta “hemen erabaki” aldarriak mahaira eraman ditugu, baita zerbitzu publikoetako langileok galdutako %20ko eros-ahalmena berreskuratze bidean irakasle guztientzat soldata igoerak eskatu ere; zoritxarrez, Hezkuntza Saila ez dago prest ekarpen horiek kontutan hartzeko. Izan ere, langile batzuei lotutako osagarri igoerak proposatu ditu administrazioak.

Bi gai horien ondoren, LABentzat ezinbestekoa den lan osasunaren puntua jorratu da. Administrazioak bi protokolo aurkeztuko idituela adierazi du (lan egokitzapen protokoloa eta lanpostu aldaketarako protokoloa), baina gaur-gaurkoz ez dugu informazio gehiagorik. Protokoloak jasotzean, LABek ekarpenak egingo dizkio langileen osasuna erdigunean jarriz. Azterketa medikuak gutxienez bi urtetik behin egiteko eskatzeaz gain, arrisku psikosozialen eta lanpostuen azterketa egin dezan eskatu dugu.

Bukatzeko, 2025eko udaran Bigarren Hezkuntzan eta Lanbide Heziketan deituko diren EPEei begira negoziaketa eza eta negoziatu beharrekoak aldebakarrez erabaki eta publiko egin izana salatu dugu.

Gaurko mahaiaren ondoren, ondorio argi batekin irten gara: Hezkuntza Sailak ez dauka irakasleon lan baldintzak hobetuko dituen akordio arautzailea negoziatzeko benetako borondaterik. Beraz, ikasturte hasieran abiatutako dinamikekin jarraituko du LABek langileak mobilizatzen akordio arautzaile (lan hitzarmen) berri bat lortzeko helburuz.

HEZKUNTZA PUBLIKOA INDARTU!!!

INFO-Irakasleak-2024-12-09