Ikastolak EAE: Beste urrats bat Lan Hitzarmen berriaren sinadurarantz

84

Lansari taula eta artikuluen zirriborroa mahai gainean daude

Abenduaren 5ean Ikastolen Elkartea, EIB, LAB eta ELA elkartu ziren Araba, Bizkaia eta Gizpukoako ikastolen Lan Hitzarmeneko Mahai berri batean. Bi gai nagusi ekarri zituzten, batetik, lansari taularen proposamena, eta bestetik, Lan Hitzarmenaren artikuluen zirriborroa.

Irailak 20an izandako negoziazio mahaian epe bat zabaldu zen aurreko Lan Hitzarmeneko testuari ekarpenak edota iradokizunak egiteko. LABek hartutako konpromisoa bete, etxerako lanak egin eta bere proposamenak helarazi zizkion Ikastolen Elkarteari. Egindako lanaren emaitza da Mahaian aurkeztutako zirriborroa. LABek adierazi du ahalik eta eperik laburrenean zirriborroa aztertu eta erantzun bat emango duela.

Era berean, 2024ko lansari taula aurkeztu zuten. Taula horretan, 2021eko soldatak oinarri hartuta %15,3ko altxaketak jasotzen dira kategoria guztientzat, urtarrilean sinatutako aurrekordian adostu genuen bezala.

Ikastolen Elkarteak eta EIBk, ordainketa horiek abenduan egiteko borondatea adierazi zuten. Aldi berean, gaineratu zuten gaur gaurkoz Hezkuntza Sailak ez duela dirua bidali ikastoletara agindu zuen bezala.

Bestalde, Lan Hitzarmena sinatu ondoren hezitzaile guztien soldatak parekatuko dira, LABek Mahaian eskatu moduan. Horretarako, ikastolek dagokion altxaketa egin beharko dute, egun 0 eta urte bateko geletan dauden hezitzaileentzat.

Urtarrilean aurreakordioa sinatu genuen aldeek (LAB, Ikastolen Elkartea eta EIB) Lan Hitzarmena ahalik eta azkarren sinatzeko borondatea agertu genuen. Beraz, pentsatzekoa da laster batean hainbestetan aldarrikatu dugun Lan Hitzarmena esku artean izan dezakegula.