Heziketa Bereziko apirilaren 26ko mahai-parekidea

504

DATORREN IKASTURTERAKO BEHARREN AURREIKUSPENA

Urtero bezala, datorren ikasturtean egongo diren lanpostuen aurreikuspena aztertzeko Hezkuntza Sailarekin bildu gara gaurkoan. LABetik, aurreikuspenak berandu jasotzea salatu dugu, atzo Gipuzkoakoak eta gaur Bizkaia eta Arabakoak jaso ditugulako. Egoera honetan azterketa sakona egitea ezinezkoa da. Ekarpenak bidaltzeko tarte bat zabaldu da eta denbora hori zuekin kontraste lanak egiteko baliatuko dugu. Beraz, zuen ikastetxeetako aurreikuspenekin ados ez bazaudete jarri gurekin harremanetan.

Hezkuntza Laguntzako Espezialistetan Gipuzkoako egoerak bereziki larritzen gaitu. Behin-behineko aurreikuspenetan, lanpostu kopuruak gora egin duen arren, lanpostu osoen kopurua jaitsi egin da. LABetik egoera hau ematea ez dugu onartuko eta horrela jakinarazi diogu irmoki Hezkuntza saileko arduradunei. Bideak arakatuko dituela adierazi diguten arren, adi ibiliko gara eta
lanpostuak osoan mantentzeko beharrezkoa den guztia egingo dugu.

Gainera LEParen atarian egonik honek ez du zentzurik, lanpostu guztiak osoan eskaini behar baitira.

Horregatik, LABetik baliabideak esleitzeko prozedurak negoziatzea eskatu dugu. Gaur egungo prozedurak, prekarioak diren jardun erdiko lanpostuak barra-barra ematen digu eta guretzat estrukturalak diren produkziogatiko kontratuen auzia ez du konpontzen. Argi dugu, hezkuntza sistema inklusibo batek kalitatezko lanpostuak bermatu behar dituela heziketa berezian ere eta horretarako baliabideak esleitzeko prozedurak aldatu behar dira.

Okupazio Terapeuten kasuan, datorren ikasturterako beharrak mantentzeko proposamena egin dute. Guk argi adierazi dugu Okupazio Terapeuten egoera ere ez dela onargarria, izugarrizko lan zamak lana aurrera ateratzea galarazten du. Horregatik, biltegi bakoitzeko OT lanpostu oso bat eta Berritzegune bakoitzeko behintzat, OT lanpostu oso bat gehio eskatu dugu. Egoeraren
azterketa zuekin batera egingo dugu eta ekarpenak bidaliko dizkiegu.

Fisioterapeuten kasuan datorren ikasturterako lanpostu kopurua mantentzea proposatu dute. Kasu honetan ere, egoeraren azterketa zuekin batera egingo dugu eta ekarpenak bidaliko dizkiegu.
eta.

ZHIen datorren ikasturteko aurreikuspenik ez digute helarazi momentuz, matrikulazioa dela.

JANTOKIETAKO EJEAK

Gaurkoan ere, Sailak adierazi digu HLEei dagokien jangeletako ejeak aldatzea erabaki duela. Hemendik aurrera, jangeletako jolas garaiko arreta eta jangela barrukoa zatitua etorriko dira. Ikasleak bi eremutan autonomia lantzeko beharra izanez gero, bi ejeak izango ditu eta bakarrean izanez gero, dagokiona. LABetik honen inguruko erabakia dokumentu batean jasotzea eta jangelan
lan egiten dugun guztioi helaraztea eskatu dugu, langileen arteko gatazkak ekiditeko.

Gai honekin lotuta, laster autonomia programa berriaren inguruko mahai parekide bat izango dugu. Lan hezitzailearen aitortzan urratsak ematera goaz!

ESLEIPEN PROZESUEN EGUTEGIA

Gaurko mahai parekidean ere, esleipenen inguruan egongo diren prozesuen egutegiaz aritu gara. Sailak proposamen berri bat ekarri digu eta LABetik hainbat ekarpen egin ditugu prozesu guztiak bermedunak izan daitezen.

Bide horretatik, azken egunetan izugarrizko nahastea eragin duen uko egiteen prozesuaz aritu gara. Prozesu hau ere bermeduna izan dadin, lanpostuen behin-betiko zerrenda eduki arte erreklamazio epea atzeratzea proposatu dugu. Ordurako ikasturteko beharren berri izanda, ukoarekin aurrera egitea edo ez erabaki ahal izango duzue.

Aho batez onartu dugu sindikatu guztiek, egutegia atzeratzea. Behin-betiko egutegia izan bezain pronto helaraziko dizuegu. Bestalde, Berritzeguneen berrantolaketak esleipen hauetan ez duela eraginik izango aurreratu ziguten.

LEParen IZEN-EMATE EPEA

Maiatzean meritu lehiaketarako izen-emate epea zabaltzeko asmoa duela aurreratu digu Hezkuntza sailak gaurkoan. Izen-emate epean, tasak ordaindu beharko dira eta Hezigunean ez dauden merituak alegatu. 20 lan eguneko epea emango da horretarako.

Gai guzti hauen inguruko informazioa izan bezain laster helaraziko dizuegu.