2022/23 ikasturterako desplazamenduak eta LABen eskaerak Haurreskolak Partzuergoko hurrengo mahaiari begira

369


2022-2023 ikasturterako desplazamenduak eta LABen eskaerak
LABetik maiatzaren 30ean uztaila eta ikasturte berriaren langileen horniketaz hitz egiteko bilera eskatu bagenuen ere, uztailaren 14an deituak izan gara iraileko desplazamenduak esleitzeko egutegiaren inguruko bilera batera; oraingoan ere, berandu eta motz. LAB sindikatutik egin dugun eskaerari jarraituz, Zuzendari pedagogikoaren hautatze prozesuaren inguruko informazioa eta Ordezkagunearen ezarpenaren inguruko informazioa gehitu dute.

ORDEZKAGUNEA:
• 2021eko abenduaren 16ko mahai negoziatzailean LABetik eskatu genuen “ordezkagunea” haurreskoletan ere martxan jartzea. Bilera horretan Gerenteak Zuzendaritza Batzordean horren inguruko erabaki bat hartzeko konpromisoa hartu zuen eta oraindik ez dugu erantzunik jaso.
• Ordezkagunea Haurreskoletan indarrean jartzeko aldebakarrez sinatu genuen ordezkoen araudiaren moldaketa negoziatzeko prest agertu ginen
• Afera hau argitzen ez den bitartean, ordezkapenak betetzeko zailtasunekin jarraituko dugu eta ordezkoen egoera hobetu eta ordezkapen guztiak betetzea nekez lortuko da.

DESPLAZAMENDUAK:
Irizpideak: langileak egonkortzeko neurriak hartzen ez diren heinean, babesten ez dugun prozesua izango da hau. Desplazamenduak ordezkapen eta iraupen laburreko beharrak betetzeko ez izatea eskatu dugu eta ez dugu babestuko iraileko matrikulazioaren araberako desplazamendurik.
Prozesuaren egutegia: LABek proposatuko du haurreskola gehienen azken egunarekin batera bukatzea. Ikasturte berriari begira, hainbat dira sindikatu honek landu nahi dituen gaiak eta horregatik, salatu nahi dugu Haurreskolak Partzuergoak agertutako aurreikuspen falta eta langileekiko eta beraien ordezkariak garen sindikatuekiko errespetu falta.

Hauek izango dira LABek landu nahi dituen gaiak:

PERTSONAL HORNIKUNTZA ETA KONTRATAZIOA:
• Lan erreformak eta egonkortze legeak kontuan hartuz, LABek estrukturalak diren lanak egonkortzeko proposamena egingo du; LEP arteko berriak egitea eskatuko du. Ez du behin-behineko eta ondorioz prekarioak diren kontratuen iraupena negoziatuko.
ALDEBAKARREZ HARTUTAKO BAIMEN BATZUEN INGURUKO ALDAKETAK:
• Partzuergotik hitzarmenean jasotako artikuluen (44, 47 art…) interpretazio ankerraren aurrean.
HEZITZAILEEN BAREMAZIO/BIRBAREMAZIOA: Berriro ere salatuko dugu akatsaz betetako prozesua izan dela. Gai hauen inguruko mahai negoziatzailea eskatu badugu ere, irailaren bigarren hamabostaldirako aurreikusten dutela erantzun digute.
KONTSOLIDAZIO LEGEA:
• Abenduak 31a baino lehen argitaratu behar da eskaini diren 372 hezitzaileen eta kudeaketako 26 lanpostuen Lan Eskaintza Publikorako deialdia, beraz, 2022a bukatu baino lehen oinarriak negoziatu beharko dira.
• LAB sindikatuak Haurreskolak Partzuergoan hezitzaile zein kudeaketako arloan emandako zerbitzuak erabakiorrak izatea lehenetsiko du, egun lanean gauden langileak egonkortu ahal izateko.
• Hezitzaile finkoen leku aldatzea LEParen esleipena egin baino lehen burutzea; aldebakarrez sinatu genuen araudia bernegoziatu beharko da.
KUDEAKETAKO LANGILEEN LANPOSTUEN MONOGRAFIAK:
• Maiatzaren 2ko mahai negoziatzailearen hurrengo astean Partzuergoak kudeaketako lanpostuen monografiak (lanpostuen funtzioak eta kategoriak) partekatu behar zituen sindikatuekin. Oraindik ez dugu jaso eta galarazi digu hauen gaineko ekarpen eta proposamenak egitea.
• Zuzendari pedagogikoa kontratatzeko deialdiaren inguruko informazioa eskatuko dugu.
LAN HITZARMEN BERRIAREN NEGOZIAZIOA:
• Negoziazioa berriro abian jartzeko egutegia eskatuko dugu.
Beraz, ikusten duzuen moduan, datorren ikasturtea ez da makala izango eta horretarako, ezinbestekoa izango da zuon, langile guztion, parte-hartzea, ekarpena, informazioa, aktibazioa eta antolaketa.
LAB sindikatuan hori guztia bideratzeko eta borrokatzeko prest gaude; haurreskoletan, mahai negoziatzailetan, kalean eta beharrezkoa den eremu guztietan.

INFO-26._Hurrengo-ikasturterako-dezplazamenduak-eta-LABen-eskaerak