2022/23 ikasturteko lanpostuen aurreikuspena EAEko Heziketa Bereziko mahaian

495

EAEko Hezkuntza sailak 2022/23 ikasturterako hezitzaileen beharren aurreikuspena dagoeneko egina du; hala ere, oraindik ere datuak ez dira behin betikoak eta oraindik aldaketak egon daitezke.
Hezkuntza Laguntzako Espezialista lanpostuen igoera dago. Datorren ikasturterako 74,5 lanpostu gehiago eskainiko dira. Izan ere, matrikulazio tasa jaitsi den arren, proportzioan haur hezkuntzan premia bereziak dituzten ikasleen igoera egon da. Ikasturte honetan zehar ere premia berezien igoera dela eta 21,5 lanpostu berri sortu dira.
Gauzak horrela, iazko ikasturte hasieran baino 96 HLE lanpostu gehiago eskainiko dira ikastetxeetako esleipenetan.
Lurraldez lurralde horrela banatzen da gehikuntza hau:
Bizkaian, 42 HLE lanpostu gehiago; Araban, 14,5 HLE anpostu gehiago, eta Gipuzkoan, 18 HLE lanpostu gehiago
Gainontzeko kolektiboetan ez da aurreikusten aldaketarik.

Zeinu Hizkuntzako interpreteen beharrak maiatzean aztertuko dira.

Gela egonkorrak: 11 gela egonkor berri egongo dira 2022-2023 ikasturtean. Horietatik gehienak Bizkaian irekiko dira, 9 hain zuzen ere, beste biak Gipuzkoan izango dira.

LABetik, gehikuntza hau positiboki baloratzen dugun arren hainbat eskaera egin ditugu; alde batetik, ez dugu uste ikastetxe guztien beharrak asetuta daudenik. Horregatik, detektatuta ditugun beharrak gehitzea eskatu dugu.
Bestalde, jardun erdiko lanpostu eskaintza kopuru altua dela eta, hauek birpasatzea eta ahal den neurrian osoak bihurtzea eskatu dugu. Horretarako, ikastetxeetako eskaintza zabaldu daiteke edo bi jardun erdirekin lanpostu oso bat egin.


Azkenik, beste kolektiboetan dauden beharrak ere kontuan hartzea eskatu dugu. Okupazio Terapeuten kasuan lan bolumen handia dela eta, berritzegune bakoitzean Okupazio Terapeuta lanpostu oso bat gutxienez eskaintzea eskatu dugu, baita biltegietan jardun osoko lanpostu bana jartzea ere.

2022/23 ikasturtetako lanpostuen aukeraketa-prozesua

Datorren ikasturterako lanpostuak aukeratzeko prozesua maiatzaren 3an hasiko da.
Lehenik, finkoek, bakantedunek eta sententzia bidezko mugagabeek aukeratuko dituzte lanpostuak berritzegunean. Errelebu kontratuan dauden errelebistek ez dute parte hartu beharko esleipen hauetan.
Lanpostuen egokitzapenarekin hasiko da prozesua, maiatzaren 3an. Datorren ikasturterako 10 langilei egokituko zaie lanpostua.
Lanpostuen egokitzapenen inguruko agindu berria atera du administrazioak sindikatuokin negoziatu gabe. LABetik argi adierazi dugu negoziazioa beharrezkoa dela horrelako neurrietan. Lan hitzarmen berriari begira lan osasunaren gaiari berebiziko garrantzia emango diogu.
Gero, berritzeguneetako adostasun bilerak izango dira, maiatzaren 4an eta 5ean. Berritzegune bakoitzak eguna, ordua eta lekua zehaztuko du. Modu telematikoan ere egingo dira batzuk. Adostasunik ez badago esleipenak modu telematikoan egingo dira aurreko urteetan bezala.
Ondoren, ekainean, ikasturte hasierako esleipenak izango dira, COCUa.


Ordezkapen kontratuari uko egitea
LAB sindikatuak aurreko mahai negoziatzailean eskatutakoa lortu dugu!!
Salbuespen gisa, ordezkapen kontratua duten langileek, bere kontratuari uko egin ahal izango diote 2022/2023 ikasturte hasierako esleipenetan (COCU) parte hartzeko. Kategoria guztietan bakante kontratuak areagotu direlako egingo da prozesu hau. Modu honetan datorren ikasturtean ordezkapen kontratuarekin jarraitu beharko luketen langileek aukera izango dute kontratuari uko egin eta esleipenetan parte hartzeko.
Kontratu hauei uko egiteko epea maiatzaren 9tik 13ra luzatuko da. Eragina abuztuaren 31n izango du; hau da, ordezkapen kontratua abuztuaren 31ra arte luzatuko da, beti ere kontratua sortu zuen arrazoia ez bada lehenago eteten (titularrak alta hartu, murrizketa eten…).


Datorren ikasturteko kontratazioa
Administrazioa aztertzen ari da, datorren ikasturteari begira, jardun erdiko lanpostuetan, ze kontratazio mota eskaini. LAB sindikatutik proposamenak egingo ditugu ahalik eta lanpostu duinenak eskuratzeko.

Gogorarazten dizuegu Ordezkagunea maiatzaren 9an martxan jarriko dela. LAB Heziketa Berezian asanbladak egingo ditugu maiatzaren 3an, ordezkagunearen inguruko argibideak emateko

INFOA-Apirilak-28-mahai-negoziatzailea