2021eko EAEko Ikastoletako Lan Hitzarmena berritzeko aurreakordioa sinatu dugu

799

Covid 19aren pandemiaren ondorio ekonomikoek eta jaiotze tasaren jaitsierak baldintzatutako testuinguruan hasitako negoziazio-prozesuak fruituak eman ditu. LAB sindikatuak Ikastolen Elkartearekin eta Eusko Ikastola Batzarekin Lan Hitzarmena berritzeko akordioa lortu du.

Negoziazio mahaian adostasun batera iristeko moduko edukiak egon zitezkeela baloratu orduko, gure delegatu, afiliatu eta sindikatuko beste kideekin proposamena kontrastatzeari ekin diogu, gehiengoaren oniritzia jasoz.

Adosturiko akordioan, Lan-hitzarmen berriak jaso beharreko hobekuntzak zehazten dira, eta bertan bi aldeok, gehienez 3 hilabeteko epean, Lan Hitzarmen berria idazteko konpromisoa hartu dugu.

Era berean, testuinguru zailean eman den ikasturte honetan ere, azken urte luzeetan bezala, ikastoletako langile guztien enplegua mantentzea lortu dugu, kaleratzeak ekidinez.

Hona hemen akordioak dituen hobekuntza nagusiak:

  • Lan-sariak: 2021ean oinarrizko soldata eta antzinatasunean lan-sari baxuenak dituzten lan kategorietarako %1,75 soldata igoera. Gainerako kategorietarako, %1,4.
  • DBHko maisu-maistren soldata parekatzea.
  • Gurasotasun-baimena: bi gurasoen baimena berdintzen da (16 + 2 aste).
  • Mantenu-langile eta sukaldari-languntzaile kategorien desagerpena. Langile hauek goiko kategoria hartuko dute.
  • Lan-kargaren arintzea:

– Hezkuntza Laguntza Espezialistek astean ordu erdi osagarri gehiago edukiko dute.

– Haur Hezkuntzako bigarren zikloko tutoreei ikasturteko eskola-orduak 15 orduz jaitsiko zaizkie.

– Lehen Hezkuntzako tutoreei ikasturteko eskola-orduak 20 orduz jaitsiko zaizkie.

  • Ikastoletako langileen kudeaketan ikuspegi nazionalerako urratsak:

– Ikastoletako kontratazio batzordeek Euskal Herriko Ikastolen Elkarteko sarean metaturiko lan-esperientzia aintzat hartu beharko dute.

– EHIn eszedente eta beharren prozedura gauzatzeko orduan Euskal Herri osoko ikastolak hartuko dira kontuan.

  • Klausula feministak:

 -Ikastola guztietan berdintasun planak gauzatzeko prozedura eta epeak zehazten dira.

– Indarkeria matxista pairatu duten langileei nahitaezko eszedentzia hartzeko eskubidea aitortuko zaie.

Eskertzekoa da honaino heltzeko LABeko delegatuek eta kideek egindako lana. Aurrerantzean ere erronka handiak ditugu. Duela urtebete 2018-2019ko EAEko Ikastoletako Lan Hitzarmena argitaratu zen, eta orain 2021erako akordioa lortu dugu hainbat hobekuntza jasoz. 2022ko urtarrilean Lan Hitzarmen berri bat negoziatzeari ekingo diogu, urratsez urrats langileen eskubideen hobekuntzan aurrerapausoak emanez.

LAB, orain arte bezala, lehen lerroan egongo da Ikastoletako langileen alboan borrokan, bai ikasgeletan eta bai kalean.

Urratsez urrats, lan baldintza duinetan oinarritutako Euskal Eskola Publiko Komunitarioa iruten!

Aurreakordioaren testua HEMEN eskuragai.

Ikastoletako LABeko ordezkariak, sinaturiko aurreakordiaoarekin