2 urteko gelen ituntzea salatu eta doakotasuna 2022/23an bermatzea exijitu dugu Haurreskolak Partzuergoaren egoitzaren aurrean

725

LAB sindikatuak ekainaren 24ean salatu zuen ituntze-sistemaren Jaurlaritzak argitaratutako agindu berriak orain arte itunduta ez zeuden hezkuntza -etapa eta -zerbitzu batzuk ituntzea ekarri duela, ituntze-sistema baldintzatu ordez, berau indartuz: batxilergoa, lanbide heziketa, hezkuntza laguntza espezialistak eta haur hezkuntzako etapako lehen ziklokoa den 2 urteko gela itunduz. Patronalei ad hoc egindako ituntze-sistemaren aurrean gaudela esan zuen LABek.

Are gehiago, Euskal Hezkuntza Zerbitzuaren parte izango diren ikastetxeek izan behar dituzten betebehar eta eskubideak eta hauek finantzatzeko mekanismoak soilik patronalekin negoziatu izana kritikatu zuen LABek.

Hori dela eta, gaur, uztailak 15, Haurreskolak Partzuergo Publikoko Zuzendaritza Batzordea, zeinaren lehendakaria Jokin Bildarratz hezkuntza sailburua den, biltzen dela aprobetxatuz mobilizatu gara, ituntze-sistemaren agindu berriari gure desadostasuna adierazteko eta Haurreskolak Partzuergoko haur eskolen zein proiektuaren etorkizunaren alde benetako neurriak eskatzeko: besteak beste, Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna 2022-2023 ikasturtean ezartzea; 0-3 zikloa ez apurtzea eta Hezkuntza Sailean integratzea; 2 urteko gelak ituntze-sistemaren barnean ez sartzea; eta 2 urteko gelak matrikulazio lehiarako ez erabiltzea.

Urteak daramatza LAB sindikatuak Haurreskolak Partzuergoan haur hezkuntzako lehenengo zikloaren aldeko borrokan: haurreskolen doakotasuna aldarrikatzen, haur eskola txikien defentsan, lan-baldintzak hobetzeko borrokan, Hezkuntza Sailean integratu daitezela eskatzen eta bereziki 0-3 zikloaren defentsan. Borroka hau Legebiltzarrean, Lakuan, haur eskolatan, kalean zein mahai negoziatzailetan, gauzatu dugu; askotan familiekin zein gainontzeko sindikatuekin batera.

Haur hezkuntzako lehen zikloa, 0-3a kolokan dago aspaldi. Itunpeko sarean eta haurtzaindegi pribatuetan 0-3a oraindik bere horretan mantentzen bazen ere -kobratzen dituzten kuotei esker-, itundurik gabeko etapa izanik eta diru-laguntzen politika batek finantzaturik; sare publikoan, aldiz, 0-3 zikloa aspaldi apurturik dago 2 urteko gelak eskola publikoetan integratzearen ondorioz. Salbuespen bakarrak udal haur eskolak eta eskola publikorik ez dagoen baina haurreskola duten herriak dira; hauetan 2 urteko haurrek kuota ordaindu behar dutelarik.

Azken urte luzeetan 2 urteko gelekin sortu den eta Hezkuntza Sailak hauspotu duen matrikulazio-lehiak haur hezkuntzako lehen zikloa guztiz apurtu du, aginduan ituntze-sistemaren barnean sartzeko erabakia hartu duten arte. Arrazoi pedagogikoak albo batera utziz eta patronalen interesei men eginez sare-itundua indartzeko hautua egin du Hezkuntza Sailak, haur hezkuntzako lehen zikloa behin betiko apurtuz.

Bildarratzek hainbatetan komunikabideetan aipatu du Haurreskola Partzuergo Publikoa erreferente bihurtu nahi duela. Gaur gaurkoz ez dakigu zeri egiten dion erreferentzia; hauek baitira hartutako neurriak:

2022/23 ikasturteari begira ez da Haurreskolak Partzuergoko matrikulazio-kanpainarik egin.
Haur eskola txikien etorkizuna kolokan dagoelakoan gaude, aspaldi entzuten ari baikara orain Osakidetzan Sagarduik aldarrikatutako “aldaketa kulturala”; landa- eremuko familiek haurreskolen zerbitzua jasotzeko beste herri batzuetara mugitu beharko dutela, alegia.
PNV, PSE eta PP-Ciudadanosek maiatzaren 18an Gasteizeko parlamentuan Haurreskolak Partzuergoaren doakotasuna 2023ko bukaera arte atzeratzeko mozioa onartu zuten.
Gauzak horrela, LABek Eusko Jaurlaritzari eskatzen dio:

Haurreskolak Partzuergoaren eta udal haur eskola publikoen bitartez 0-2 urteko doako hezkuntza zerbitzua berehala eskaintzea, berau Hezkuntza sailean integratuz eta edozein haur eskola pribatu finantzatzen duen “txeke politika” bertan behera utziz.
Itunpeko sareko haur eskola eta haurtzaindegi pribatuetako 0-3a sostengatzeko “txeke politikari” eutsiz gero, Haurreskolak Partzuergoa eta udal haur eskola publikoak doako bihurtuta ere, honek egoera sozioekonomikoan eta arrazalizazioan oinarrituriko segregazioa areagotuko luke, familia eta haur zaurgarrienak publikoak diren haur eskola hauetan kontzentratuz.

2 urteko gelak haur eskoletan mantentzea. 0-3 zikloa apurtu gabe eta 3-6arekin harremana izanik.

Bestalde, hurrengo uztailaren 19an burutuko den Haurreskolak Partzuergoko Batzar nagusiari (Haurreskolak Partzuergoko zuzendaritza batzordeari eta herrietako ordezkari guztiei) honako eskaera luzatzen diogu:
2022ko Irailetik Haurreskolen doakotasunaren aldeko hautua egitea.
Udalen parte-hartzea eta eskumena handiagoa izateko hautua egitea, deszentralizazioan sakonduz.
2 urteko gelak ituntzen-sistemaren baitan txertatzeko erabakiaren kontra adierazpena onartu eta berau publiko egitea.